Nafar Ateneoak eta Golem zinema-etxeak Nafarroako Euskarazko Filme Zikloa prestatu dute. Urtarrilaren 28tik ekainaren 17ra bitartean, hilabetero film bana pantailaratuko dute Golem Yamaguchi zinema aretoan.
Lurraldeko euskarazko zinemari eta egile nafarrei ikusgarritasuna emateko asmoz, Nafar Ateneoak sei filmek osatutako ziklo berezi bat iragarri du, hiru bloketan antolatutakoa. Batetik, Imanol Rayo zinemagileak euskaraz filmatutako Hil kanpaiak (2020) eta Bi anai (2011) emango dituzte; bestetik, Bernardo Atxaga idazlearen obra abiapuntu izan duten lanak (Nafarroan errodatutakoak) eskainiko dituzte; eta azkenik, Montxo Armendariz zinema zuzendari beteranoak lurraldean errodatutako eta euskarara bikoiztutako ekoizpenak egongo dira ikusgai.
Filmak Iruñeko Golem Yamaguchi aretoan proiektatuko dituzte, hilabete bakoitzeko azken ostiraletan, 19:00etan. Emanaldietara sartzeko sarrerak 4 euro balio du (3 euro Nafar Ateneoko bazkideentzat), eta saio bakoitzean solasaldia eskainiko dute gonbidatu bereziek.
Jarraian, Nafarroako Euskarazko Filme Zikloko egutegia:
- Urtarrilaren 28an: Hil Kanpaiak (Imanol Rayo, 2020)
- Otsailaren 25ean: Bi anai (Imanol Rayo, 2011)
- Martxoaren 25ean: Soinujolearen semea (Fernando Bernués, 2019)
- Apirilaren 29an: Obaba (Montxo Armendariz, 2005)
- Maiatzaren 27an: Ez izan beldurrik (No tengas miedo, Montxo Armendariz, 2011)
- Ekainaren 17an: Bihotz ondoko sekretuak (Secretos del corazón, Montxo Armendariz, 1997)
Informazio gehiago, hemen.