1930etik 1960ra bitartean errodatutako filmei errepasoa emango die Nafarroako Filmotekak otsailean. Ohiko Nafarroako eta Ateneo saileko lanez gain, hainbat ziklo berezi aurreikusi dituzte; besteak beste, zinema matematikarekin zein agroekologiarekin lotuko dute. Bestalde, Filmotekako Zine-liburuak bildumaren 5. alea salgai jarri dute, García Serrano idazle, gidoilari eta zinemagileari buruzkoa.

Nafarroako Filmoteka-otsaila-zinea

Hamargarren urtez jarraian, Nafarroako Filmotekak “zer da zinema?” galdera klasikoa hobeto ulertzeko beharrezkotzat jotzen duen film sorta proposatuko du. Filmak ordena kronologikoan aurkeztuz, zinemak historian zehar izan duen bilakaera modu naturalean erakutsiko dute. Otsailean, 30eko hamarkadatik 60kora errodatutako filmen txanda izango da. Zinemagile klasiko baten oroitzapenarekin hasiko dira, beste maisu askoren erreferentzia izan dena: Carl Theodor Dreyer. Zuzendari daniarraren Vampyr (1932) izango da proiektatuko duten lehen filma, eta ostean, Veronica Lake aktorea omenduko dute. This Gun for Hire (Frank Tuttle, 1942) film entzutetsuan parte hartu zuen, eta horixe da hain zuzen ere proiektatuko dutena. Alain Resnais zuzendari frantziarraren Hiroshima mon amour (1959) eta 2022an 100 urte beteko lituzkeen Pier Paolo Pasolini zinemagile eta poeta italiarraren Uccellacci e Uccellini (1966)izango dira errepasoari amaiera emango dioten lanak.

Bertako zinemagileak bistaratzeko konpromisoari eutsiz, halaber, Nafarroan ekoitzitako lan bat izango da ikusgai Nafarroako Filmoteka sailean: Julio Mazarico zinemagile tuterarraren ariketa interesgarria eta originala, Surcos (2020), emango dute otsailaren 3an, 19:30ean. Gainera, filmotekako Zine-liburuak bildumaren 5. alea salgai jarri dute, García Serrano idazle, gidoilari eta zinemagileari buruzkoa.

Ateneok aurkezten du… ataleko saioan Ras vkhedavt, rodesac cas vukurebt? (Alexandre Koberidze, 2021) emango dute hilaren 10ean. Eta emanaldi bereziei dagokienez, Francisco de Goya margolari espainiarraren heriotzaren istorioa kontatuko duen Samuel Alarcónek zuzendutako Oscuro y Lucientes (2018) erakutsiko dute otsailaren 4an.

Zinema eta matematika lotuko dituzte, beste behin, zikloaren IV. edizioan. Hiru filmek osatuko dute hilaren 4tik 25era bitartean garatuko den programa: Conte d’eté (Eric Rohmer, 1996), Proof (John Madden, 2005) eta The Imitation Game (Morten Tyldum, 2015). Bestalde, Ikuspuntu fokuan Leonor Teles portugaldarraren Terra Franca (2018) lan esperimentala proiektatuko dute ere, otsailaren 17an. Hilabetea agurtzeko, agroekologiarekin zerikusia duen  De Quijotes y semillas (Patxi Uriz, 2021) ekoizpen espainiarra emango dute otsailaren 24an.

Emanaldiak 19:30ean izango dira, eta sarrerek 3 euro balio dute. Sarrerak aldez aurretik hartzea gomendatu dute antolatzaileek, Nafarroako Filmotekaren webgunean. Hala ere, egunean bertan ere eskuragarri egongo dira leihatilan, filma hasi baino 45 minutura arte.

Ezagutu Nafarroako Filmotekak urtarrilerako prestatu duen egitaraua, hemen.