Ibermedia Laguntza Funts Iberoamerikarrak 49.994 dolar emango dizkio Elías Querejeta Zine Eskolari 2022-2023 ikasturtean jardungo dien hamalau ikasle latinoamerikarrentzat bekak sortzeko. Ebaluazio batzordeak proiektu pedagogikoaren berezitasuna eta kalitatea, baina baita zinemaren egungo arazoei aurre egiteko modua eta bultzatzen duten erakundeen laguntza ere baloratu ditu.

Ibermedia programa-zinea

Prestakuntza Programetarako Laguntza modalitatearen baitako deialdian onuradun izan da EQZE. “Anbizioa eta asmamena” baina baita “zinemaren gaur egungo arazoak jorratzeko modu berezia” nabarmendu ditu Ibermediak, eta Donostiako Zinemaldiarekin duen lotura azpimarratuz, estrategikotzat jo du industriarekin kanal bat sortzeko eta sortutako obraren zirkulazioa errazteko gaitasuna. EQZEko graduondokoen edukiek, irakasleen taldeak, instalazioen egokitasunak eta ikastetxearen aurrekari akademikoek izan dute puntuazio handiena.

Hilabete hasieran argitaratutako ebazpena berretsita, funtsak 49.994 dolar emango dizkio eskolari eta 2022-2023 ikasturteko matrikularen gastuak ordaintzeko laguntzan jasoko dute hamalau ikasle latinoamerikarrek (bakoitzak 3.571 dolar). Eskolak hautatutako eta programan parte hartuko duten 23 herrialdeetatik datozen hautagaiek eskuratu ahal izango dituzte beka horiek. Argentina, Bolivia, Brasil, Txile, Kolonbia, Costa Rica, Kuba, Txile, Ekuador, El Salvador, Espainia, Guatemala, Honduras, Italia, Mexiko, Nikaragua, Panama, Paraguai, Peru, Portugal, Puerto Rico, Dominikar Errepublika, Uruguai eta Venezuelakoak dira hautagaiak.

Ibermedia programa

Zinema edo telebista eskolek, unibertsitateek, lanbide heziketako zentro espezializatuek eta elkarte pribatuek edo Latinoamerika osoko ikus-entzunezkoen industriako erakunde eta elkarte profesionalek parte har zezaketen deialdian, eta EQZEz gain, ECAM Madrilgo Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoen Eskola ere izan da onuraduna Espainiako lurraldeko zinema eskolei dagokienez.

1998an jarri zuten Ibermedia programa martxan, eta harrezkero, 30 deialdi egin ditu, eta haien bidez laguntza eman die 996 koprodukzio proiekturi eta 1.085 ikus-entzunezko proiekturi, eta ia 3.000 prestakuntza beka eman ditu 23 herrialdetan. Guztira, 113 milioi dolarreko inbertsioa egin da, eta horietatik 3.200 proiektu inguruk jaso dute laguntza. 112 proiektuk jasoko dituzte Ibermediaren funtsak, pizgarrien programarekin batera doan lau kategorietako (koprodukzioa, garapena, sailen garapena eta prestakuntza) laguntzen 2021eko deialdiari esker.