Zuzendaria: Steven Spielberg
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB

-Balletaren eta borrokaren artean-

Lin-Manuel Mirandaren In the Heights lanak Broadwayen zein Hollywooden izan duen arrakasta ikusita, ez da harritzekoa 20th Century Fox ekoiztetxeak Spielbergi West Side Story musikalaren azken bertsioa aurrera ateratzen lagundu izana. Hitzetik hortzera entzuten dira azken urte hauetan identitateen inguruko ezbaiak, eta testuinguru berri honetatik begiratuz gero, badirudi genero zein kultura nortasunen inguruko auzi interesgarriak sustatzen zituela jada musikal klasiko hark (Lin-Manuel Mirandaren lan arrakastatsuek baino askoz hobeto, gainera). Noski, istorioa egungo testuingurura moldatzeko, egin beharreko aldaketak egin dituzte: Anybodys, bertsio zaharrean mutil-taldearen parte izan nahi zuen neska, pertsonaia trans bategatik aldatu dute, istorioan duen presentzia indartuz —eskerrak, horrez gian, pertsonaia latino-amerikarrei ez dietela azal kolorea makillajez guztiz ilundu, originalean egin zuten bezala—.

Shakespeareren Romeo eta Julieta kontakizun klasikoa 50eko hamarkadako New Yorkera eraman zuen musikalak, Capuleto eta Montesco familien lehia Upper West Sideko gazte taldeen iskanbiletara itzuliz. Hala, Tony eta Mariaren “ezinezko” amodioak Jets eta Sharks gazte klanen arteko tentsioak areagotu besterik ez zituen egin (europar jatorriko estatu batuarrak batetik, puertorricoar jatorrikoak bestetik). Tragedia shakespearetarraren saskian dator, nola ez, zorigaiztoko maitasun erromantikoa; halaber, hori baino interesgarriagoa izan zen Jerome Robbinsen balletek nola itzulipurdikatu zuten mutil-taldeen jokaera biolentoak irudikatzeko era. Kolore biziz jantzita, Jetsen eta Sharksen arteko borrokaldiak ballet dantza eder eta delikatu bihurtu zituen musikalak —Robbins, Bernstein eta Stephen Sondheim kanta-idazleak, hirurak ziren homosexualak, eta maskulinitate klasikoarekin asoziatzen diren klanak balletak dantzatzen jartzeak badu bere grazia—. Bertsio berri honetan, ordea, ekoizpen-diseinuaren paletak itzalagoak dira, eta akzio-eszenak zuzentzeko duen eskarmentua erakutsi nahian edo, Spielbergek ez ditu borroka eszenak dantzekin gehiegi nahastu nahi. Hala, Robbinsen ideia abangoardista hark izan zitekeen interesa ez da behar bezala aztertzen.

Hala ere (eta zorionez), egokitzapen berriak jatorrizko musika eta dantzen izpiritua mantentzea erabaki du. Remakearen kontzeptuari berari dagokion bezala, ez da originaltasuna moldaketa honek bilatzen duena, aipatutako aldaketa puntual horiez gain ez baitirudi ezer berririk mahaigaineratu nahi duenik. Izan ere, filma material originalera nola hurbiltzen den ikusita, agerikoa da kuttuna duen klasiko bat berpizteko atera duela aurrera proiektua Spielbergek. Beraz, badaki bere filmeko elementu indartsuenak XX. mendeko mugarri bihurtu diren Leonard Bernsteinen musika eta Jerome Robbinsen ballet izugarri horiek direla. Orain, 60 urte geroago, ikuskizuna berriz pantaila handian gozatzeko aukera dugu, Spielbergen maisutasunak lagunduta gainera.