ITE Cinemas – Inter Rail Through Europa Cinemas ekimena jaio da, zinema bidelagun, herritarrei Europan barrena bidaiatzeko aukera emango dien abentura. 2022ko otsailaren 1etik martxoaren 22ra bitartean, Madril, Paris, Oslo, Stockholm, Helsinki, Krakovia, Berlin eta Erroma ezagutzeko aukera egongo da, hiri horietan errodatutako filmei esker.
COVID19ak eragindako pandemiaren ondorioz, Europako zinema areto gehienek ateak itxi behar izan dituzte noiz edo noiz, eta nazioartera bidaiatzea ere ez da batere erraza izan. Hala, Golem zinema kateak ITE Cinemas ekimena sortzea erabaki du, zinema eta bidaiak lotzen dituen proposamena. Aretoetako besaulkietatik bertatik, Europako hainbat hiriburu ezagutzeko aukera egongo da, Inter Rail Through Europa Cinemas esperientziari esker. Collaborate to Innovate programako proiektu irabazlea da Golemen aurkeztutakoa, ikus-entzule gazteak berreskuratzeko asmoz pentsatutakoa.
Otsailaren 1ean hasiko dute bidaia, Madrilen, eta Jonas Trubea zinemagile espainiarrak bertan errodatutako La Virgen de Agosto (2019) lana izango da Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 8 zinema aretotan ikusgai egongo den lehen filma. Zuzendariak aurkeztuko du saioa Madrilgo Golem aretotik, eta bere hizketaldia streaming bidez emango dute, zuzenean, gainerako egoitzetan. Emanaldiaren ostean, iritziak partekatzeko tartea egongo dela aurreratu dute antolatzaileek.
Madriletik aterako den trenak Paris, Oslo, Stockholm, Helsinki, Krakovia eta Berlin izango ditu geraleku, eta Erroman agurtuko ditu bisitariak. Ibilbidea itecinemas.com webgunean bozka eman duten zinemazaleek aukeratu dute. Antolatzaileek tren-txartel bana banatuko diete zinema aretoetara bertaratutakoei, eta saio bakoitzaren amaieran geltoki bakoizteko zigilu bat gehituko diete. Ibilbidea osatu dutenen artean benetako Interrail pase bat zozkatuko dute.
Hego Euskal Herrian, Bilboko Golen Alhondiga, Iruñeko Golem Baiona eta Donostiako Principe aretoan eskainiko dituzte ITE Cinemas esperientziako zortzi filmak, eta 4,5 euro balioko du sarrera bakoitzak. Beste lau pertsonekin “bidaia partekatzeko” bonu bereziak ere jarriko dituzte salgai, 12 euroan.
Jarraian ITE Cinemas ekimenaren baitan proposatutako ibilbidea eta filmak:
- Otsailaren 1ean | Madril: La Virgen de Agosto (Jonas Trueba, 2019)
- Otsailaren 8an | Paris: Les Olympiades (Jacques Audiard, 2021) – aurrestreinaldia
- Otsailaren 15ean | Oslo: Verdens verste menneske (The Worst Person in the World, Joachim Trier, 2021) – aurrestreinaldia
- Otsailaren 22an | Stockholm: Bergman Island (Mia Hansen-Love, 2021) – aurrestreinaldia
- Martxoaren 1ean | Helsinki: Toivon tuolla puolen (The Other Side of Hope, Aki Kaurismaki, 2017)
- Martxoaren 8an | Krakovia: Zimna wojna (Cold War, Pawel Pawlikowski, 2018)
- Martxoaren 15ean | Berlin: Oh Boy (Jan Ole Gerster, 2012)
- Martxoaren 22an | Erroma: La grande belleza (Paolo Sorrentino, 2013)
Informazio osagarria itecinemas.com webgunean.