Bilboko FAS Zineklubak 2022ko otsailean eskainiko duen zinema eskaintza jakinarazi du. Ohi bezala, El Carmen aretoan egingo dituzte emanaldiak, eta klasikoak, film garaikideak eta euskal zinemagileen film laburrak erakutsiko dituzte.

Asteartero, Bilbo erdigunean dagoen Indautxuko Plazako zinema aretoan biltzen dira FAS Zineklubeko 150 bazkideak eta bestelako ikusleak, 400 lagun, orotara (pandemiaren eraginez edukiera murriztu bada ere), eta zirkuitu komertzialetik at mugitzen diren ikus-entzunezkoak bistaratzen eta komentatzen dituzte, 19:45ean hasita.

Andrey Konchalovskiy zinemagile errusiarrak zuzendutako Dorogie tovarishchi! (Dear Comrades!, 2020) filmak emango dio hasiera otsaileko egitarauari, hilaren 1ean. Novocherkask, Sobietar Batasuna, 1962. Lyudmila bertako alderdi komunistako kidea da. Erregimen komunistaren idealak defendatzen ditu eta disidentzia mota guztiak mespretxatzen ditu. Motor lantegi batean egiten ari den greba batean, Gobernuak agindutako armadak protestanteei tiro egin eta sarraski bat egiten duela ikusiko du, eta gertaera horrek borrokarako duen ikuspegia aldatuko dio. Bitartean, hiria suntsituta dago, matxinadek asaldatuta, jende asko dago zaurituta eta desagertuta. Desagertuetako bat Lyudmilaren alaba da, kaosaren erdian bilaketari ekingo dio.

 

Hilaren 8an, aldiz, Felkészülés meghatározatlan ideig tartó együttlétre (Preparations to be Together for an Unknown Period of Time, 2020) pantailaratuko dute. Lili Horvát zuzendari hungariarraren azken lanak Marta 40 urteko hungariar jatorriko neurozientzialaria izango du protagonista. Budapestera itzultzea erabaki du. Bertan Janosekin topo egitea adostu zuen, duela hilabete pasatxo. AEBtan ezagutu zuten elkar, medikuntza eta neurozientzia ekitaldi batean.

 

Otsailaren 15ean, denboran atzera egingo dute FAS Zineklubeko kideek. Izan ere, Satyajih Ray zinemagile indiarrak 1964an zuzendutako Charulata maisulana eskainiko dute.

Bizitza bakartia darama Charulatak, XIX. mendeko klase altuko emakume bengalarrak. Nahiz eta Bhupati kazetari aberatsarekin ezkonduta egon, senarrak The Sentinel izeneko egunkarirako egiten duen lan politikoari eskaintzen dio arreta. Charuk eleberriak irakurriz eta etxeko leihoetatik kaleko oinezkoei so igarotzen ditu orduak. Baina protagonistaren egunerokotasun lasaia hankaz gora jarriko da Amal, Bhupatiren lehengusua, etxera helduko den egunean. Poeta xelebre eta alaiak, ekaitz bortitz batek bezala asaldatuko du emakumearen bizitza (literalki, ekaitz egunean helduko da). Bere kabuz idatz dezan animatuko du Charu, eta prozesuan, jadanik itzalita zirudien gar erromantikoa berpiztuko dio.

 

Hilabetea agurtzeko, 2020ko ekoizpen espainiar harrigarrienaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek otsailaren 22an: Espiritu sagrado. Herrikideak desagertutako neskatxa baten bila dabiltzan bitartean, OHE-ak bilatzeko gau bat antolatuko dute “Ovni-Levante” ufologia-zale elkarteko kideek. Baina, José Manuelek sekretu bat izango du gordean: gizakiaren patua bere eskuetan egongo da. Chema García Ibarra zinemagilearen lehenengo film luzea da, bere film labur arrakastatsuen unibertsoaren hedapena. Besteak beste, Leire Apellaniz ekoizle bilbotarrak ekoiztu du lana.

Aurretik, Borja Cresporen Hikikomori film laburra emango dute. Bi zuzendariak gonbidatuko dituzte saiora.

 

Sarrerak eskuragai daude FAS Zineklubaren webgunean; ohiko sarrera 5 euroan, ikasle ala langabeena 3 euroan, eta 10 saioko txartela, 45 euroan. Gainera, lekua aurrez erreserbatzeko aukera dago, pandemiak eragindako murrizketak tarteko, edukiera txikiagoa delako. Horretarako, info@cineclubfas.com helbidera idatzi behar da izen-abizenak zehaztuz. Informazio osagarria zineklubaren atarian duzue eskuragai.