Poloniar, Alemaniar, Afganistandar edota Filipinar jatorriko lanak hartuko ditu, besteak beste, martxoaren 14tik 19ra luzatuko den Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiko Sail Ofizialak. Jasotako 800 film baino gehiagoren artean egin da hautaketa, eta hamahiru film luze eta zortzi film labur biltzen ditu.

Punto de Vista jaialdiak bere hamaseigarren edizioa aurkezteko egindako prentsa agerraldiaren irudia.

Manuel Asín jaialdiko zuzendari artistikoak, eta Lucía Salasek, Miguel Zozayak, Lur Olaizolak eta Pablo García Cangak osatutako programazio batzorde sortu berria arduratu da,  16. ediziora begira, ekimenaren Sail Ofiziala osatuko duten proposamenak aukeratzeaz. Iazko edizioan baino nabarmen gutxiago, 21 film hautatu dituzte orotara: 13 film luze eta 8 film labur. Horietako bi, emakumezko sortzaile iruindarrek aurkeztutako lanak dira: 819 gau, Arantza Santesteban zuzendariak espetxean bizitako esperientziatik eraikitako proposamen esperimental intimista; eta Ione Ateneak sinatutako Los caballos mueren al amanecer, zeinak hasiera emango dion jaialdiari.

Ondorengoa duzue zerrenda osatua:

  1. 918 GAU (Arantza Santesteban. Euskal Herria. 65’)
  2. Baleh-Baleh (Pascale Bodet. Frantzia. 51’)
  3. Charm Circle (Nira Burstein. Estatu Batuak. 78’)
  4. Evangelio mayor (Javier Codesal. Espainia. 138’)
  5. Guerra (Marta Ramos eta José Oliveira. Portugal. 104’)
  6. Les prières de Delphine (Rosine Mbakam. Kamerun, Belgika. 91’)
  7. Los caballos mueren al amanecer (Ione Atenea. Euskal Herria. 81’)
  8. Mille cipressi (Luca Ferri. Italia. 13’)
  9. Minamata Mandala (Kazuo Hara. Japonia. 372’)
  10. Narciso (Julio Fermepin. Argentina. 29’)
  11. Nenad (Mladen Bundalo. Bosnia, Belgika. 22’)
  12. No hay regreso a casa (Yaela Gottlieb. Peru. 71’)
  13. Podul de Piatrâ / Pont de Pedra (Artur-Pol Camprubí. Espainia. 18’)
  14. Saturn and Beyond, Declan Clarke (Irlanda. 60’)
  15. Self-Portrait: Fairy Tale in 47KM, Mengqi Zhang. (Txina. 109’)
  16. Soy libre, Laure Portier (Frantzia. 78’)
  17. Film balkonowy (Pawel Lozinski. Polonia. 100’)
  18. The Capacity for Adequate Anger, Vika Kirchenbauer (Alemania. 15’)
  19. To Pick a Flower, Shireen Seno (Filipinak. 16’)
  20. Transparent, I am, Yuri Muraoka (Japonia. 12’)
  21. Untitled part 9: this time (Jayce Salloum. Afganistan, Kanada. 6’)

 

Jaialdia osatuko duten zazpi sailak

Gaur goizean egin duten aurkezpenean azaldutakoaren arabera, azken edizioetako ohiko programazio egiturari eutsiko 16. edizioak, baina berrikuntza batzuk ekarriko ditu. Hala, zazpi sail handitan antolatuko da eta, jaialdia iritsi bitartean, tantaka joango dira haien edukiak iragartzen.

Sail ezagunak dira gehienak: Sail ofiziala, Atzera Begirakoak, Foku Garaikideak, X Films proiektua edo Hezkuntza Programa. Bada, bi sail berri gehituko zaizkie aipatutako horiei, zuzendari artistiko berriaren eta jaialdiko programazio batzordearen lanaren emaitza: Lan, sorkuntza eta ekoizpen prozesuen inguruko jarduera publiko batzuk proposatuko dituen atala, lehenengoa; eta Gainezkatzeak, zinema dokumentala beste praktika artistiko eta gogoeta praktika batzuekin harremanetan jarriko duen bigarrena.

 

Gazteriaren epaimahairako deia, zabalik

Amaitzeko, gogorarazi dute zabalik dela oraindik Gazteriaren Saria erabakitzeaz arduratuko diren neska-mutilekin osatutako epaimahaia osatzeko izen-ematea.

18 eta 25 urte bitarteko gazteei dago deialdia zuzenduta, eta festibaleko sail ofizialeko pelikula guztiak ikustea eskatuko zaie. Parte hartu nahi dutenek 2022ko otsailaren 21a arte dute Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren webgunean ahalbidetu duten izen-emate fitxa betetzeko tartea.