KIMUAK 2021 katalogoan hautatu dituzten film laburren lehenengo emanaldi publikoak egingo dituzte datozen egunetan. Urtarrilaren 20an, Gasteizen; hilaren 21ean, Donostian; eta hilaren 22an, Bilbon, fikzio, lan-dokumental, animazio eta genero esperimentaleko zortzi lanak proiektatuko dituzte.
Euskadiko Filmategiaren ekimenez sortu zuten 1998an, eta, ordutik, Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin euskal film laburrak nazioartean sustatzea eta banatzea izan dute jardun nagusia. Deialdi bat zabaltzen dute urtero, jasotako lan guztiak aztertu eta EAEn ekoiztutako zazpi bat film laburren aukeraketa osatzen dute horiekin. Ondoren, lan hauek azpititulatu, eta mundu osoko zinema jaialdietara banatzen dituzte.
47 lan aurkeztu ziren deialdira 2021ean, eta horien artean zortzi aukeratu ditu epaimahaiak programaren bidez nazioarteko jaialdi eta ikus-entzunezko ekimenetan zabaltzeko. Fikzioa, dokumentala, animazioa eta esperimentala eskainiko ditu katalogoak eta, hizkuntza hautuari dagokionez, aski nabarmen igo da euskararen presentzia: filmetako hiru euskara hutsean daude; bik euskara beste hizkuntzaren batekin uztartzen dute (euskara eta ingelesa batek; euskara, frantsesa eta ingelesa, besteak); bat gaztelaniaz egina dago eta beste bat gaztelaniaz eta txineraz; amaitzeko, azken batek ez dauka elkarrizketarik.
Lehenengo saioa bihar, urtarrilaren 20an, egingo dute, Gasteizko Artium Museoko Emanaldi aretoan. Donostian, aldiz, hurrengo egunean emango dituzte, Tabakalerako zinema aretoan. Hilaren 22an, azkenik, Bilboko Arte Ederren Museoan eskainiko dituzte. Hiru saioak 19:00etan izango dira.
Ondorengoak dira KIMUAK 2021 aukeraketako film laburrak:
- Azaletik azalera (Mel Arranz) – Ikusi zuzendariari egindako elkarrizketa, hemen.
- Berak baleki (Aitor Gametxo)
- Heltzear (Mikel Gurrea)
- Inner Outer Space (Laida Lertxundi)
- Resonancias (Iñigo Aranburu) – Ikusi zuzendariari egindako elkarrizketa, hemen.
- Trumoiak (Iker Maguregi)
- Ur azian lore (Aitor Oñederra)
- Zerua blu (Lur Olaizola)
Film bakoitza hobeto ezagutzeko, sakatu hemen.