Mendi Tour 2022 zirkuitu ibiltariak abenturazko akzio dosi handiak ziurtatuko ditu urtarrilaz geroztik Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko hiri eta herrietan. Hilaren 21ean, Ataunen ekingo diote aurtengo edizioari, eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiko lan nabarmenenak pantailaratuko dituzte.
Astebete baino gehiagoz, mendia eta natur gaiak izan ziren iragan abenduan Bilbon protagonista, izan ere, urtero legez, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiak abentura nahia asetzeko edota berpizteko proposamenak eskaini zizkien herritarrei. Oraindik ere gure artean dugun birusari aurre egiteko gai izan zen, bigarrenez, nazioarteko proiektu bikainenak biltzen dituen ekitaldia, izan ere, 7.500 ikus-entzuletik gora bildu zituen, eta urte berria hastearekin batera, herriz herri erakutsiko dituzte jaialdian lehiatu diren lan nabarmenenak.
Mendiko zinemagintza onenaren eskaintza ibiltaria bueltan da, eta Eusko Jaurlaritzak zein autonomia erkidego bakoizteko gobernuek unean ezarritako neurriak jarraituz egingo dituzte saioak. Iaz, 28 hiri edo herritara iritsi zen programa ibiltaria, eta 8.500 ikusle batu zituen ekimenak. 2022ko Mendi Tour zirkuituak Ataunen hartuko du martxa, eta Donostian, Zangozan zein Canet D’en Berenguerren disfrutatu ahalko dute urtarrilean abenturazko akzio dosi handiaz.
Urtarrilaren 21ean, Ataunera lehendabizikoz iritsiko da Mendi Tourra. Herriko Antzokian egingo dute saioa, 21:30ean, eta doan izango da. Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peralek zuzendutako Amagana proiektatuko dute lehenik, Mendi Film jaialdian euskarazko film onena izendatu zutena, eta festibal bilbotarrean ikusleen saria eta mendiko film onenaren sariak eskuratu zituen MENDIAK 1976 (Luis Arrieta Etxeberria 2021) filma emango dute ostean.
Urtarrilaren 24an eta 25ean, saio bikoitza egingo dute Donostian. Eta beste horrenbeste Zangozan (urtarrilaren 28an eta otsailaren 4an). Canet D’en Berenguerrera (Valentzia), berriz, hilaren 29an helduko da zirkuitu ibiltaria.
Ezagutu egitarau osatua, jarraian.