EZAE Euskadiko zinema-aretoen elkarteak salatu du Eusko Jaurlaritzak Covid19aren pandemia hasi zenetik ezarri dituen murrizketek ez dutela sektorea suspertzen lagundu. Crónica Vasca atariari adierazi bezala, 6 milioi ikus-entzule galdu dituzte azken bi urteetan.
2021ean jarrita zuen EZAEK esperantza, baina susperraldirik ez da izan. Oraindik ere gure artean den pandemia hasi zenetik 5,9 milioi ikus-entzule galdu dituztela ohartarazi du elkarteak, 35,2 milioi euro zinema-sarreretan. Latza izaten ari da sektoreak bizi duen krisia, eta euskal zinemagintzaren sektoreak jo-puntuan jarri ditu Eusko Jaurlaritzak pandemiari aurre egiteko hartutako erabakiak.
Crónica Vasca atariari erraztutako analisian, EZAEK azpimarratu nahi izan du 2019ko datuekin alderatuta %67ko eta 9,2 milioi euroko jaitsiera izan zutela zinema-sarreretan lortutako diru-sarreretan 2020an, %58koa eta 11,7 milioi eurokoa 2021ean. Hala, ikus-entzule kuotari dagokionez, %58 gutxiago izan dira aretoetara gerturatu diren herritarrak. Kontuak ateratzeko garaian, guztira, 20 milioi euro baino gehiagoko galerak zenbatu ditu Euskadiko zinema aretoen elkarteak.
Murrizketak zalantzan
2020ko martxoan ezarritako itxialdi orokorra bukatu ostean, eta batez ere 2021eko errekuperaziorako itxaropenak piztuta, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoen egoera hobetuz joango zela uste zuen EZAEK baina 2021eko udara arte goraldirik izan ez dutela azpimarratu du, ikusmin handia sortu duten ekoizpen komertzialen pantailaratzearekin batera. Hala ere, Jaurlaritzak bi hilabetez ezarritako edukiera-murrizketen ondorioz, ustezko goraldiak ez zuen jarraipenik izan, eta urrian, alarma-egoera deuseztatzearekin batera, edukiera osoa berreskuratu bazuten ere, jan-edana debekatzeak haserrealdiak piztu zituen zinema-aretoen arduradunen artean, eta gainera, EZAEk eskatutako “presazko” neurriak ukatu egin zituen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Izan ere, palomitak eta edariak diru-sarreren %30 eta %40 bitartean suposa zezaketen pandemia aurretik. “Badirudi sektoreak burua atera ahal izango duela airea hartzeko eta metatutako galerak pixkanaka berreskuratzen hasteko, baina beste kolpe batek hondora bidaltzen du etengabe berriro”, adierazi diote Crónica Vasca atariari.
Zinema areto asko “egoera kritikoan” daudela salatu du EZAEk, sektorearen biziraupena “kolokan” dagoela eta “jasangaitza” dela. Horregatik, diru-laguntza eta konpentsazioak eskatu dituzte, “orain arte jasotakoek ez baitute askorako balio izan”. Eusko jaurlaritzak 16,2 milioi euro bideratu zituen 202an Covid19ak eragindako ondorioei aurre egiteko, baina kopurua nabarmen jaitsi zen 2021ean (640.000 euro urte hasieran, eta 200.000 euro gehiago urrian). Zinema aretoak “toki segurua” direla aldarrikatuz, Euskadiko zinema-aretoen elkarteak gogorarazi nahi izan die espazioak oso zabalak direla, aireztatze-sistema ezin hobeak dituztela, maskararen erretiratzea puntuala dela, ikusle guztiak norabide berean daudela eta jarduera isiltasunean gauzatzen dela.