Bi arnas: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean dokumentala sortzeko diru-ekarpena egin nahi dutenek aukera dute dagoeneko Itsulapikoa plataforma bidez. Dokumentala torturaren gaineko testigantza bat da, bidegabekeria baten isla eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat, eta bi protagonista ditu: ama, Mari Nieves Diaz; eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal.
“Azken bost hamarkadetan tortura eta tratu txarrak sufritu dituzten euskal herritarrak milaka zenbatu daitezke, nahiz eta, bakan batzuk baizik ez diren ofizialki aitortuak izan. Hori gutxi ez eta asko dira torturetan oinarritutako testigantzen ondorioz preso segitzen duten euskal herritarrak”. Hitzok erabilita aurkeztu du herritar talde batek esku artean duen irabazi asmorik gabeko proiektua. 15.000 euroko aurrekontua dute, ekoizle handien eta diru-laguntza publikoen babesik gabe.
Bada, itsulapikoa.eus ataria erabiliz, auzolanaren eta elkartasunaren bidez 7.000 eurotik gora lortu nahi dituzte sustatzaileek, torturak Euskal Herrian eragindako zauria itxi ez dela ikustarazteko: “Zauria ixten laguntzeko ondar aletxo bat izan daitekeelakoan, garrantzitsua da oso torturaren kontra lehen pertsonan borrokatu duten herritar anonimo horien guztien historiak lau haizeetara zabaltzea; jakina, historia horietako bakoitzak bere berezitasun propioak ditu, errepikaezinak diren ñabardura humanoak”.
Diru-ekarpena hiru modutan egin daiteke, otsaila bukaera bitartean. Batetik, dokumentalaren kredituetan aipamena eta estreinaldirako gonbidapen berezia eskura dezakete 25 euro ematen dutenek; bestetik, aurretik aipatutakoaz gain, filmaren posterra ere lor dezakete 50 euroko ekarpena egiten dutenek; azkenik, DVDa ere izango dute opari 100 euro ordaintzen dutenek.
Iratxe Sorzabalek sufritutakoak ezagutaraziko ditu Bi arnas: itxi gabeko zauria ama baten ahotsean lanak, baina baita bere ama Mari Nieves Diazen sufrikarioa ere. Bakoitzak bere modura sufritu baitute torturak eragiten duen arnas falta. Horiez gain, baina, bestelako ahotsak bilduko dituzte sortzaileek proiektuan: Nekane Txapartegi asteasuarra (1999an torturatua); Paco Etxeberria auzi medikua eta Eusko jaurlaritzak sustatuta Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertu dituen txostenaren egilea; eta Serge Portelli Versaillesko Dei Auzitegiko magistratu ohia, abokatua eta torturaren kontrako ekintzailea.