Aurrerantzean Alaitz Arenzana artista bilbotarra izango da zuzendaria, festibal bilbotarrak izan duen lehenengo emakumezkoa. Bestalde, Bilboko Gaylesbotrans Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen 19. Jaialdiko kartela aurkeztu du ZINEGOAK elkarteak gaur, Bilbon. 2022ko irudiak “lesbianismoa eta sexu-aniztasuna euskaraz izendatzeko moduei” egiten die erreferentzia, eta Lander Telletxea diseinatzaileak sortu du.
Bilboko LGTBI+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia otsailaren 28tik martxoaren 7ra egingo da eta zuzendaritza artistiko berria izango du, Alaitz Arenzana artista bilbotarra. Ikus-entzunezko komunikazioan lizentziaduna da UPV/EHUn, eta eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen sorkuntzan eta proiektuen koordinazioan, bai eta hainbat aitorpen publiko ere bere lan artistikoagatik. Ilusioz hartu du erronka, Zinegoakeko zuzendaritzan dagoen lehenengo emakumea izango da, eta aitortu duenez, “jaialdia mantentzeko eta aberasteko borrokan jarraitu dut, behar-beharrezkoa delako sexu-, identitate- eta genero-aniztasunaren alde lanean jarraitzea”.
Arenazak azken hiru urteetan Zinegoakeko zuzendaritza taldean egon den Pau Guillenen lekukoa hartuko du. Guillenek berak adierazi bezala, “Alaitzek barrutik ezagutzen du jaialdia, Euskal Herriko sare artistiko eta sozialarekin lotura handia du eta talde osoaren babesa du Zinegoak jarduera eta lankidetza berriez hornitzeko eta etapa berri bat garatzeko”.
Iaz bezala, unean indarrean dauden osasun-neurrietara egokitutako ekitaldia izango da aurtengoa, ohiko egiturari eutsiz sexu eta genero aniztasuna Bilboko hainbat kultur gunetara eramatea helburu izango duena.
Sexu-aniztasuna nola izendatu euskaraz?
“Marioker”, “Lumatza”, “Soropila”, “Kapaza” edo “Kuir” bezalako hitzak irakur daitezke ZINEGOAK 2022 zinema jaialdiko irudietan. Gaur bertan aurkeztu dituzte, Bilbon, “Gure burua izendatzeko eskubidea, inposatutako etiketarik gabe” lelopean, eta otsailaren 28tik martxoaren 7ra bitartean izango den hiztordua girotuko dute.
June Fernandezek eta Amaia Alvarez Uriak sortutako kontzeptuak dira karteletan azaltzen direnak, eta Zinegoakek bultzatutako “Nola izan/esan bollera euskaraz” proiektuan bildu dituzte. Euskal Herri osoan bildutako hainbat hitz dituen hiztegi bat egin da, eta, besteak beste, Itxaro Bordak, Eli Pagolak, Danele Sarriugartek, Ainara Artetxek eta abarrek parte hartu dute. Euskal Herriko hainbat eremutan lesbianismoari edo sexu-aniztasunari buruz hitz egiteko erabili izan diren hitzak agertzen dira bertan, baita hitz-joko bidez asmatutakoak ere. Guztiak, Zinegoak jaialdiaren karteletan egongo dira irakurgai, eta “aldarrikatuko dute eskubidea dugula gure burua izendatzeko nahi dugun moduan, inposatutako etiketarik gabe, ‘izanak egiten baitu izena’”.
Lander Telletxeak diseinatu ditu, festibalarekin lotura zuzena deun sortzaileak, izan ere, jaialdiaren katalogoaren eta irudiaren azken edizioetako egilea ere bada. Euskal kulturarekin lotutako proiektuak garatu ditu, eta hainbat erakunderentzat lan egin du.