Donostia Zinemaldiak hautaketa batzordeko eta nazioarteko ordezkarien sareko kide berriak aurkeztu ditu. Horrez gain, 70. ediziorako filmen online izen-ematea zabaldu dutela jakinarazi dute arduradunek. 2022ko ekainaren 20ra bitartean izango dute WIP Latam, WIP Europa eta Nest ez diren gainerako sailetan parte hartu nahi dutenek aukera.
Aurrerantzean, Desirée de Fez zinema kritikaria, Juan G. Andrés kazetaria eta Ione Hernández zinemagile eta irakaslea lan-taldearen parte izango dira zendu berri den José Ángel Herrero-Velarde, Natalia Marinera eta Amaia Serrulla ordezkatuz. Horrez gain, Annina Wettstein programatzaileak Vienna Film Fundeko arduradun izendatu berri duten Christine Dollerren postua hartuko du, eta Alemaniako, Austriako eta Suitzako hautatzaile berria izango da.
Kazetaritzan lizentziatua, zinema kritikari eta Kataluniako Unibertsitate Irekian irakasle lanetan ere aritutakoa da De Fez. El Periódico de Catalunyako zutabegilea da, eta kritikari gisa kolaboratzen du Fotogramas eta Rockdelux aldizkarietan, Catalunya Ràdioren La finestra indiscreta saioan eta RTVEren Página dos eta Punts de Vista programetan. Kataluniako Nazioarteko Fantasiazko Zinema jaialdiko kide izan da hamar urte baino gehiagoz eta liburuen argitalpenen koordinazio-lanak burutu ditu, besteak beste. Bi podcast ere zuzentzen ditu: Marea Nocturna eta Reina del grito.
G. Andres 2019an sartu zen Donostia Zinemaldiko Komunikazio Taldean, baina aurretik ibilbide luzea egin du kazetari lanetan. Radio Nacional de Españan, Vasco Press eta France Presse agentzietan eta Noticias de Gipuzkoa eta El Diario Vasco egunkarietan aritu da zinemaz, jazz musikaz eta kulturaz idazten, eta Caiman CDC, Rockdelux eta Mondo Sonoro aldizkarietan kolaboratu du. Argazkilari ere bada, eta Artxipelagoa (2021) soinu fikzioa zuzendu du.
Euskal Herriko eta Bordeleko Michel-de-Montaigne unibertsitateetan ikasketak burutu ostean, Washingtongo La Nación egunkarian idatzi zituen bere lehen artikuluak Hernandez Saenzek. Kalifornian zinema zuzendaritza-masterra ikasi eta Kubako eskolan gidoigintza ikastaro batean parte hartu zuen. Harrezkero, Madrid en Corto zein Kimuak programetan hautatuak izan dira bere hainbat lan, eta Cahiers du cinéma aldizkariak, urteko film labur onenaren izendapena eman dio El palacio de la luna lanari. Beste hainbat jardunetan parte hartzearekin batera, Donostia Zinemaldiaren Gipuzkoa Coopera programaren barruan, zinema-tailerrak ematen dizkie Latinoamerikako eremu behartsuetako ikasleei.
Wettstein suitzarra, aldiz, hainbat zinema jaialditako hautaketa-batzordeetako kide, komisario eta programatzaile saileko buru izan da. Ekoizpen alemaniar eta eskandinaviarrak gainbegiratzen ditu Rotterdamgo nazioarteko festibalean, eta Suitzako Kultura Bulego Federaleko Film-en saileko kide zientifiko bat da.
Filmen online izen-ematea zabalik
Hautaketa-batzordeko kide berriak aurkezteaz gain, Donostia Zinemaldiak irailaren 16tik 24ra bitartean ospatuko den 70. edizioan parte hartu nahi duten filmen aurre-hautaketa martxan jarri du. WIP Latam, WIP Europa eta Nest ez diren (ekainean irekiko dute) gainerako sailen izen-ematea dago zabalik.
Beraien ekoizpenak aurkeztu nahi dituztenei filmen arlo hauetan aritzen diren pertsonen genero-identifikazioari buruzko informazioa eskatuko diete: zuzendaritza, ekoizpena, gidoia, muntaketa, argazkia, musika eta, aurten hasita, baita soinua ere. Aurre-hautaketan izena emateko epea 2022ko ekainaren 20an amaituko da.
Informazio gehiago, Donostia Zinemaldiaren webgunean.