Zuzendaria: Danny Strong
Urtea: 2021
Herrialdea: AEB
Euskarria: Disney+
Denboraldiak: 1
Atalak: 8
Osasuna, zaintza, bizikidetza, ardura. Hitz potoloak dirudite, eslogana; guztiok barneratuak ditugun kontzeptuak, jakintzat ditugula esatera ausartuko nintzateke. Nor ez da hauen alde egongo. Zaindu maite duzun hori, lagundu ezazu lagun hurkoa. Batu gaitezen modu eraikitzailean, elkarrekin gehiago baikara, gaitasun handiagokoak: hobeak, eraginkorragoak, osoagoak.
Lagundu iezadazue bidean mesedez, latza izango baita, zaurituak egongo dira, hildakoak ere, bidean geratuko denik ere ezagutuko duzue, baina egin beharrekoa den bidaia da.
Dopesik Hulu ekoiztetxeak kaleratutako mini telesaila dugu, zortzi atalez osatutakoa, dagoeneko Disney euskarrian ikusgai dagoena. Eta esango dizuet, ez nagoela batere Disneyren unibertsoarekin lerratuta, antipodetan baizik; baina telesailak merezi du.
AEBko Virginiako estatuan aurkitzen gara, landa gunean, lehenengo sektorera dedikatutako herriz osatutakoan. Zehazki, herri mehatzari batean, Clifton Forge-n. Langilez osatutako herria, gizarte osoak lan fisiko gogorra egiten duen gunean, non. Lurralde xume eta langilea. Hau izango da abiapuntua.
Danny Strongek gidatutako telesail hau AEBn ematen ari den berebiziko opioideen inguruko krisi eta osasun larrialdiaren jatorrira murgilduko da. Noiz, nola eta zergatik eman den aletuko du. Strong ‘Catcher in the Rye’ T.S. Elliot idazlearen eleberria zinemara eramateaz arduratu zen, eta Empire bezalako telesailengatik ezaguna da.
Baina itzul gaitezen mamira: egia da telesaila formalki ez dela beste munduko ezer, ez da filmikoki miresgarria edo berezia, ez du puntako ezer. Ez da izango autore lan fina, naiz eta ‘The Wire’ bezalako telesailENzantzuak badituen, edo ‘Side effects’ ( Steven Soderbergh) filmetik hurbil koka daitekeen. Ez da puntakoa izango agian zinematografikoki, baina beharrezkoa ote da halakoa izatea?
Telesailak modu eraginkor eta argigarrian azalduko digu, une honetan bertan, AEBetan gertatzen ari den osasun tragedia nolakoa den eta nola eman den. Honetarako: AEBetako sendagaien agentziaz arituko zaigu, industria farmakologikoaz, botere politikoa eta burokratikoaren egiten uzteaz, ate birakariez, klasismoaren arrapalaz, enpresa munduaren diru-goseaz, sistema oso baten diruaren jainkotzeaz, balioen galeraz, ustelkeriaz….
Labur azaltzeko, enpresa farmakologiko batek, Purdue Pharmak, sendagai berria kaleratu du, sendagaia opioide baten eratorria da eta analgesiko ohikoak ordezkatzeko sortua da. Farmazeutikak, eskura dituen tresna, arte eta diru guztia erabiliko du, AEBetako osasun sistemaren geruza guztiak zeharkatu eta beren ‘sendagaia kaltegabea bezala errezeta dadin; ajea, buruko mina, ala, min muskular arinak tratatzeko. Opioidea, noski, OxiContin izenekoa, enpresak ukatu eta behin eta berriz, haren salmenta kanpainaren parte bezala ezeztatu arren, adiktiboa da, oso. Ondorioa: imajina ezazue, usteldutako eta kontrol erlatiboak dituen osasun sisteman, pribatizazioa gailentzen duen eta diruaren hotsak liluratzen duen sisteman. Farmakoak analgesiko ohikoak ordezkatu zituen. Nolanahiko minaren kontrako pilula magikoa. Etorkizuneko sendagaia, alaitasunaren errezeta.
Ez dut telesaila argitu nahi, benetan ikusi beharrekoa baiteritzot, baina azpimarragarria da oso, hau guztia gertakari errealetan oinarritua dagoela. Dopesick-ek azaltzen duena, benetan gertatu dela, eta beldurgarria dela.
Momentu honetara heldu garenez, garrantzizkoa da argitzea, industria farmakologiko guztia; osasun sistema guztia eta sendagai guztiak ez direla berdinak. Ez dut zentzuzkoa ikusten telesailak azaltzen duen errealitate konkretu eta frogatua hartzea, konspirazio farmakologikoaz argudio jaurtigari eta guztiz ahalduna osatzeko. Guztia da konplota, sendagai guztiak kaltegarriak dira, sistema guztia ustelduta dago. Ez, bihotza, ez da horrela.
Hau horrela, jarrai dezagun. Aktoreen lana aski interesgarria da; Peter Sasgaardek, Rosario Dawsonek, Kaitlyn Deverek, Michael Stuhlbargek eta Michael Keatonek, besteak beste, ederki hezurmamitzen dituzte errealitate gordin eta krudel honek dituen geruza guztiak.
Nola liteke, bada; nola heldu gara honaino? Mina gaitz saihesgarria dela ulertu duen gizartera, saihestu beharrekoa ulertzen duen bizi filosofiara. Gizarte lokartura, narkotizatura. Psikofarmakoak izan ziren atea, zonbifikaziorako bidea, sirena kantuak, ahaz dezagun zein den minaren jatorria. Emaguzu egun honetako pilula, minaren kontra, kristoren gorputza, ahantzi dezagun jarduna, jarrai dezagun eguna, anestesiaturik.
Ekoizpenaren gizarte orojalean bizi gara, produzitu kontsumitzeko, emozioak ere kontsumitu. Eta birsortu baino, antzeztu behar dituen gizartearena. Beti pozik, beti alai, hustasun handienean amiltzen ari den kontsumismo fake-aren gizartearen istorioa, histrionikoa.
Argigarria da oso telesailean gakoa den unea. Nola liteke Europan (Alemania aipatzen du konkretuki), ez lortzea gure farmakoa sartzea? Galdetzen du Shackler familiako eta Purdue Pharmako arduraduna denak. Besteak beste, diotenaren harira, Europar kulturak, minaren bizipena eta sentipena, sendatze eta osatzearen prozesuaren parte ezinbesteko bezala ulertzen duelako da. Ez dute mina berdin ulertzen. Ez dugu mina berdin ulertzen.
Eta mina berdin ez ulertu harren mingarria suertatzen da oso telesaila, eta gertakaria. Sistema kapitalista eta klasista basatiak, zeini berdin dioen zapatak, arkatzak, etxeak ala farmakoak saltzea, dituen konnotazioak dituela, eragiten dionari, eragiten dion kaltea dena delakoa. Saldu, gehiago, beti gehiago, piramidean gorago igo dadin gehien duenak, gainerakoen gainean koka dadin, han bere besaulkian, eta urre gorriz erositako koroa jantzita koroa dezan, desberdintasun eta bidegabekerian errotutako fartsa, finta, antzezpena. Guztiak diru gosez, guztiak antzezpenean, etikarik gabe, lehian, oihanean bezala leoiak direnaren ustetan, hienak.
Gomendagarria oso beraz Dopesick telesaila, erlijioari egiten dizkion gorazarre doktrinatzaileak alde batera utzita (Disney da, zer nahi duzue esatea). Gaixo dagoen gizartearen erradiografia, diagnosia, psikoanalisia. Mina desagerrarazi nahi eta ulertu ezin duen errealitatearen ukatze prozesuaren azalpena. Esperientzia latza baina, mina bera bezala, ezinbestekoa; kritiko, arduratsu eta kontziente izateko bidea.