Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalek zuzendutako Apaiz kartzela (2021) dokumentalak hilabete egingo du Donostiako SADE zinemetan. Maluta* Films ekoiztetxeko arduradunek lana ikustera joan diren ikus-entzuleei eskerrak eman dizkiete, baita pelikulako protagonista eta lantaldea zoriondu ere. Urtarrilaren 20tik aurrera, gainera, Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoan egongo da ikusgai.

APAIZ-KARTZELA-hilabete Donostian-zinea

1968-1976 aldian Zamorako apaiz kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen inguruan ardaztutako lana da Apaiz kartzela. Donostiako Giza eskubideen 18. Zinemaldian lehiatu ondoren, azaroaren 26an estreinatu zen Euskal Herriko zein espainiar lurraldeko areto komertzialetan, eta filmeko protagonistak zein lantaldeak aurkeztuta, abenduaren 22an erakutsi zuten aurrenekoz  Gipuzkoako hiriburuan. Bada, ordutik SADE etxeko Principe aretoan ikusgai dago, eta hilabete egingo du. Egunero ari dira emanaldiak eskaintzen, 18:15eko pasean, jatorrizko bertsioan espainierazko azpitituluekin.

Apaiz kartzela dokumentaleko zuzendaria den Ritxi Lizartzak poz handia erakutsi du sare sozialetan, eta ikus-entzuleei filmarekiko izan duten arrera eskertu die: “Garai hauetan ezinezkoa dirudi, baina hilabete egingo du Apaiz kartzela filmak Donostian. Mila esker bertaratu zareten guztioi!”. Maluta* Films ekoiztetxeak ere lantalde eta protagonistak izan ditu gogoan: “Zorionak protagonistei eta lantaldeko guztiei!”.

Bidea egiten ari da apaiz antifrankisten bizipenak kontatzen dituen lana, eta datozen egunetan Iruñean ikusgai egongo dela ere aurreratu dute. Urtarrilaren 20an Iruñeko Golem Yamaguchi zinema aretoan emanaldi berezia eskainiko dute talde tekniko eta apaizekin, eta hilaren 27ra bitartean egongo da, gutxienez, karteldegian.

Apaiz antifrankisten historia

1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.

Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago.

Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.