Non dago Mikel? (2020) dokumentala Kataluniako TV3 telebista kateko ‘Sense ficció’ programaren baitan eman dute urtarrilaren 11n, eta 359.000 herritarrek ikusi dute, %16,1eko ikusle kuota lortuz. Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendutako lana hilaren 18ra bitartean ikusgai dago Interneten.

Non dago mikel-TV3-zinea

Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzitako lanak Donostiako Zinemaldiko Irizar Sariaren epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen 2020an, eta zalaparta handiz heldu zen aretoetara otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke. 2022ko urtarrilaren 11n, aldiz, Kataluniako TV3 telebista-katean estreinatu dute Sense ficció’ atalaren baitan, eta albistegi edo informazio saioez gaindiko programa ikusiena izan da.

Audientziak neurtzen dituen Kantar taldeak argitu bezala, batez beste, %16,1eko ikusle kuota, edota datu zehatzetan, 359.000 ikus-entzule izan ditu emanaldiak (momentu gorenean, 739.000 herritar aritu ziten telebista aurrean so). Hala, ‘Sense ficció’ ataleko hirugarren programa ikusiena bilakatu da. Telebistarako bertsioak 65 minutu izan ditu, jatorrizkoak baino 15 gutxiago), eta katalanez azpititulatuta igorri dute.

Sare sozialetan ere oihartzuna izan du filmaren emanaldiak, eta erabiltzaile ugarik #MikelZabalzaTV3 traola erabiliz beren iritzi, mezu eta usteak partekatu zituzten: Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ingurukoak zein EiTBren jarrerari buruzkoak. Izan ere, Euskal Telebistak iaztik dauka Merinok eta ‘Pitu’k zuzendutako lana emateko eskubidea, baina oraindik ez du  egin. BERRIA egunkariari adierazi bezala, data zehatzik ez badute ere, “aurten” emango dute.

EiTBren jarreraz galdetuta, pandemia garaian estreinatu izanagatik “jende askok ikusi ezin izan” duela nabarmendu dio Merinok BERRIAri, eta Euskal Telebistan noiz eman zain dago: “Jende anitzek ez du aukera izan ikusteko, eta espero dugu aurten streaming plataformetan eta ETBn jende askok ikusi ahal izatea. Ziur gaude Euskal Herriko herritar askok eskertuko dutela Euskal Telebistan ikusi ahal izatea”. Egunkariak aurreratu du sortzaileak Internet plataforma batekin ere harremanetan daudela, filma bertan eskaini ahal izateko. Gaur gaurkoz, TV3 katelaren webgunean dago ikusgai, hilaren 18ra bitartean.

37 urte eta berririk ez

Guardia Zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete ziren Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.

Lauaxeta Saria eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta herriz herriko emanaldiak nazioarteko jaialdietan egindako parte-hartzeekin uztartuz eman dituzte azken hilabeteak, eta, besteak beste, Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian (FICG) edota Terra Gollut jaialdi kataluniarrean parte hartu du. Abenduaren 2tik 13ra bitartean ospatu zuten Atlantidoc Urugaiko Nazioarteko Zine Dokumentalaren Festibalaren 15. edizioan gailendu zen Non dago Mikel?.