Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak Urrezko Globoak banatu zituen bat. Ekitaldi xumea izan da, ikusgarritasunik gabekoa. Alberto Iglesias musikari donostiarrak Madres paralelas (Pedro Almodovar) filmerako soinu banda sortzeagatik izendatu zuten, baina saria Hans Zimmerrek jaso du, Dune (Denis Villeneuve) ekoizpenean egindako lanagatik.

Urrezko Globoak 2022-zinea

Gorabeheratsua izan da aurtengo Urrezko Globoen ekitaldia. Ospatuko dela ziurtatu bazuten ere, gala emitituko duen telebistarik ezin izan dute lotu antolatzaileek, izan ere, NBC kateak uko egin zion jasandako mehatxu eta kritiken ondorioz. Epaimahaiak osatzerako orduan ezagun egin diren desoreka eta jokamolde ez-etikoek piztu zuten sua 2021eko otsailean, eta sariketa bertan behera uztear izan dira. 2023an egingo ote duten ere ez dute argi, eta badirudi Hollywoodeko Atzerriko Prentsaren Elkarteak berregituratze estrukturala zin egin duela.

Bada, Twitter bidez jakinarazi zuten bart 2022ko edizioko irabazleen zerrenda, komunikabiderik eta alfonbra gorririk gabeko gala xume batean. Film luzeei dagokienez, The Power of the Dog (Jane Campion) eta West Side Story (Steven Spielberg) izan dira drama eta komedia edo musikal saileko ekoizpen onenak, eta gainerako sari garrantzitsuenetako asko ere bereganatu dituzte lehiatu diren ataletan. Campion izendatu dute zuzendari onena, eta Kodi Smit-McPhee taldeko aktore onena western ukituak dituen filmean egindako lanagatik; Rachel Zegleren zein Ariana DeBoseren dantzaldiak eta interpretazioak goratu dituzte, emakumezko aktore onenaren eta taldeko aktore onenaren errekonozimenduak jasoz.

Euskal ordezkari bat ere izan da aurtengo Urrezko Globoen lehian, Alberto Iglesias. Musikari donostiarra Madres paralelas filmerako soinu banda sortzeagatik sartu zuten izendatuen zerrendan, baina garaikurra Hans Zimmerrek eraman du, Dune ekoizpenean egindako lanagatik.

Ezagutu irabazleen zerrenda osoa, hemen.