how_to_with_john_wilson-ZINEAZuzendaria: John Wilson

Urtea: 2020-

Herrialdea: AEB

Nola egin urteko telesail originalena-

Nola egin urteko telesail originalena? Hasteko, youtuber batek bezala kamera eskuan eta atzetik off ahotsa jarrita, tutorialaren formatua hartu behar da abiapuntutzat (edo aitzakiatzat). Ikusleei azaldu behar zaie, esaterako, ardo ona nola bereizi, hirian aparkalekua nola aurkitu, edota pilak zer zaborrontzitara bota; gizarte garaikide honetan guztioi azaltzen zaizkigun duda ziztrin horiek nola argitu, alegia. Hala eta guztiz ere, ez da inoiz tutorialaren ildoa galtzeko beldurrik izan behar, eta kapituluaren amaieran ikusleek dena delako horri buruz ez badute ezer ikasi ere, ez dio axola. Garrantzitsuena, flaneur baten estiloan kalera irtetea eta bidean agertzen diren bitxikeriek distraitzeko beldurrik ez izatea da. Horixe egin du John Wilsonek berriro ere New Yorkeko kaleetara irtenda, How to John Wilson telesailaren bigarren denboraldi honetan. Azkenean, “ondasun higiezinetan nola inbertitu” edota “gure ametsak nola gogoratu” irakatsi ez badigu ere, inork baino hobeto azaldu digu, modu guztiz berritzailean, bizi ditugun garaion izaera absurdoa.

Nola egin, bada, momentuko serie freskoen eta berritzaileenaren kritika? Komeni litzateke ekoizle lanetan Nathan Fielder dagoela aipatzea (eta bide batez, Nathan for you bere telesaila gomendatzea, seguraski azken urteotan egin den komedia bikainena). Halaber, esan daiteke Andre Bretonen eta mugimendu surrealistaren lan egiteko era duela Wilsonek, 68ko maiatzeko Situazionistek zuten urbanismoaren aurkako izpiritu kritikoa, Matrixen moduko distopia paranoikoak formatu dokumentalera egokitzeko zolitasuna, eta baita orain arte Interneten bakarrik ikusgai izan den umore klasea HBOra eramateko ausardia ere (Meta edota Humans of Capitalism Instagrameko kontuek ezin hobeto irudikatzen duten absurdo garaikide hori). Hori guztia esanda ideiak agortzen badira, beti jo daiteke autoritate-argudiora, eta NY Timesek Wilsoni “telebistako saiorik bitxienaren atzean dagoen jenioa” deitu diola esan.

Wilsonek Sagar Handitik zehar duen norabide falta telesailaren alde formalean ere islatzen da: kaleko irudi xelebre eta absurdoekin egiten dituen metafora-joko libreek markatzen dute bere erretorika umoretsua, artxibo kaotiko hori pixkanaka memoir pertsonalera eta bideo-entseguaren formatuetara hurbiltzen delarik. Horrela, modu ia paranoikoan, kaleko irudi eta zeinu akzidentalek gizarteari buruzko hausnarketa bikainak egitera eramaten dute: ardo ona bereizteko egiten dituen saiakerek, adibidez, talde-onarpenaren beharrari buruzko hausnarketara, eta pilen zaborrontzia aurkitzeko odiseak, berriz, objektuekiko dugun atxikimendu emozionalari buruzko entsegu bikainera. Telesail guztiz sinkretiko eta berezia dugu eskuetan, estetika partikular bat sortzeko gai izan dena, eta, bide batez, egunero kalean oharkabean pasatzen zaizkigun fenomeno bitxi eta absurdo horiez (Matrixeko glitchak) ohartzera bultzatzen gaituena.