Desagertzeko zorian den jauregiari buruzko dokumentala astearte honetan, urtarrilaren 4an, estreinatuko dute San Telmo Museoan. 65 minutuko iraupena duen pieza honek eraikinaren balio kulturalak aldarrikatuko ditu, hainbat aditu eta udal taldeetako ordezkariekin egindako elkarrizketen bidez.

‘Bellas Artes: el Palacio de Cine en San Sebastián’ izena jaso duen ikus-entzunezkoa Alberto Fernández d’Arlas Ancora Elkartearen zuzendari denaren ekimena da eta, Eneko Oronozekin batera, bera arduratu da dokumentazio zein gidoiaren idazketa lanak gauzatzeaz. Bada, elkartea bera da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta Frangoak elkarteak ekoitzi du. “Garrantzi handiko eraikin historiko eta bizidun honen balioetan sakondu nahi dugu, urte askoan lagun izan badugu ere, herritar gehienentzat monumentu ezezaguna izaten jarraitzen baitu”.

Filmak gainera, Ramón Cortázar arkitektoa omendu nahi du, 1914an hiriko zabalgune nagusia diseinatu zuena. Bada, arestian aipatu bezala, hainbat adituri eta udal taldeko ordezkariei egindako elkarrizketek ardaztuko dute proiektua, besteak beste: José Laborda, Juan Mari Etxeberria, Fernando Espinosa de los Monteros, José Luis Rebordinos, Jesús Ángel Sánchez García eta Antonio Burgos.

Gaur arratsaldean egingo dute estreinaldi nagusia, 19:00etatik aurrera, San Telmo Museoan. Honen ondotik, datorren asteartean, hilaren 11n, proiektatuko dute berriro Koldo Mitxelenako Auditoriumean. Lanak jasotako harreraren arabera, saio gehiago programatzeko prest daudela azaldu dute sortzaileek.