EPE-APV Euskal Produktoreen Elkarteak urtero argitaratzen du azken hamabi hilabeteetan estreinatu ala garatutako euskal ikus-entzunezko proposamenen Basquezinema katalogoa, eta 2021ari dagokion aldizkariak argia ikusi berri du. Pelikulez gain, lurraldeko zinemaldi eta “film commission”-en inguruko informazioa aurkitu daiteke bertan.

Urrian zabaldu zuen EPE-APVk landutako euskal film luze, labur zein telebistarako lanen inguruko informazioa jasotzeko deialdia, eta ordutik eskuratutako datuekin osatu du Basquezinema aldizkariaren 11. alea. Ekimenaren helburua gurean sortutako lanak biltzea eta euskal industriaren uzta bistaratzea da, eta ekoizleak eurak arduratzen dira beren proiektuen berri emateaz.

Bada, 2021ari dagokion aldizkarian amaitutako fikziozko lau film luze, bi dokumental eta hamabi labur ageri dira, hala nola, Arantza Santestebanen 918 gau, Ritxi Lizartzaren eta Juan San Martinen Ainarak, Maru Soloresen Aztarnak, edota Kimuak katalogoak bildutako laburrak.  Ekoizpen fasean dauden proposamenei dagokienez, hamabi proposamen ageri dira, lau fikzio eta zortzi dokumental.

Horiez gain, Euskal Herriko dozena bat zinema jaialdiren fitxa laburrak jaso dituzte, eta Bilboko, Gasteizko eta Donostiako Film Commission-ekin harremanetan jartzeko baliabideak, errodajeetan funtsezko babesa ematen baitute. Interesa edukiz gero, online duzue ikusgai 11. Basquezinema aldizkaria.