‘Zinemagileen arteko elkarrizketak’ ikastaroa antolatu du Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak zinemazale eta zinema ikasleei zuzenduta. Icíar Bollaín, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Trueba izango dira saioak gidatuko dituzten zinemagintzako profesionalak.

KMK-zinea

Donostiako Zinemaldiaren urte osoko Z365 atalarekin eta Elias Querejeta Zine Eskolarekin elkarlanean prestatu du Koldo Mitxelena kulturuneak 2022ko urtarriletik apirilera bitarteko ikastaro sorta, eta aurrez aurre zein online jarraitu ahalko dira. Zinemazale eta zinema ikasleei zuzenduta dago, eta helburua “film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzea” da.

Espainiar lurraldeko eta euskal zinemagileak izango ditu gidari ikastaroak, hain zuzen ere, Icíar Bollaín, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Trueba, eta bakoitzak arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona edukiko du bidelagun: “Zinemagile bakoitzak eta bere laguntzaileak haien ikuspegi artistikoak aurkeztuko dituzte, eta laneko materialak erakutsiko dizkigute, hala nola dosierrak, gidoiak, filmaketa planak eta ekoizpenaren eta zuzendaritzaren artean partekatutako dokumentuak”.

Jarraian 20222ko urtarriletik apirilera bitartean eskainiko dituzten bost saioak:

  • Urtarrilaren 14an: Lara Izagirre zuzendaria eta Paula Olaz soinu bandaren konpositoreak Nora (2020) filma aztertuko dute musikaren ikuspegitik.
  • Otsailaren 8an: Icíar Bollaín zinemagileak eta Koldo Zuazua ekoizleak Maixabel (2021) filma izango dute abiapuntu, bere ibilbidea errepasatu eta proiektuak elkarrekin nola eraiki dituzten azalduz.
  • Otsailaren 18an: Carla Simon zuzendariak eta Ana Pfaff muntatzaileak Estiu 1993 (2017) filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.
  • Martxoaren 4an: Jonas Truebak eta Javier Lafuente ekoizleak beren corpus filmikoa aztertuko dute, eta bereziki Quién lo impide (2021) azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu da.
  • Apirilaren 8an: Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña gidoilariak, Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu den Antidisturbios (2020) telesailaren sortzaileek (Movistar+), zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dizkigute.

Saio guztiak Koldo Mitxelena kulturunean izango dira, 19:00etan, eta aurrez aurre zein online jarrai daitezke. Era batera zein bestera parte hartzeko programazioa@gipuzkoa.eus korreo elektronikora mezu bat bidali beharko da izen-ematea baieztatzeko. Epea urtarrilaren 10ean jarri dute. Ikastaroa doakoa da, eta ikastaroaren amaieran bertaratze ziurtagiria emango zaie hala eskatzen dutenei. Online bertsioa aukeratzen dutenek saioetara Zoom bidez sartzeko gonbidapena jasoko dute.

Informazio gehiago, hemen.