kritika-the card counter-zineaZuzendaria: Paul Schrader

Urtea: 2021

Herrialdea: AEB

Paul Schraderren obsesio zaharrak-

Nork iragar zezakeen, 75 urte dituela, Paul Schraderren lanak bigarren goraldi bat izango zuela? Izan ere, igaro dira jada 45 urte Taxi Driverren gidoi aparta idatzi zuenetik; Toro Salvaje eta La Ultima Tentación de Cristorekin batera, Schrader ez zen Scorseseren gidoilari bikainena bihurtu soilik, zinema amerikar berriko (‘70eko belaunaldia’ izenez ere ezaguna) figura nagusi bat baizik. Nahiz eta ordutik hona makina bat porrot kritiko eta komertzial pasatu dituen, orain dela hiru bat urte A24 ekoiztetxeak First Reformed proiektuaren aldeko apustua egin zuen. Hala, Alexander Dynanen argazki lan paregabearekin eta Ethan Hawken antzezlanak lagunduta, Schraderren obsesio zaharrak testuinguru garaikidera modu bikainean itzultzea lortu zuten.  Esan liteke estreinatu berri den The Card Counter filma haren bikia dela, bai interesatzen zaizkion gai eta pertsonaiei dagokionez, baita aurkitu duen estetika garaikideari erreparatuz ere (Alexander Dynanek lagundu dio berriro).

Oscar Isaaci pasatu dio Ethan Hawkek ‘Schrader antiheroiaren’ lekukoa, eta ezin hobeto gorpuztu du iraganak oinazetutako protagonista goibel eta hotz hori, jendearekin inolako lotura emozionalik ezartzeko gai ez den gizon bakartia. Kontu ezaguna da Schrader anaiek heziketa kalbinista zorrotza izan zutela (18 urte egin arte ezin izan zuen zinemara joan ere Paul gazteak), eta gaztaroko datu biografiko gehiago irakurriz gero, erraz uler daiteke Travis Bickle pertsonaia sortu zuenetik aurtengo The Card Counterreraino mantendu duen protagonistaren prototipoa. Badirudi gidoilariak berak ere gaztetan pistola burkoaren azpian izan behar zuela, loak hartu ahal izateko; logelako bakardadea jaikoarekin zituen solasaldiekin betetzen saiatzen omen zen. Kalbinismoan horren presente dauden predestinazioaren eta kulparen ideiak ere pantaila handira itzuli ditu berriz Schraderrek. Istorio honetako protagonistak, poker jokalari misteriotsu horrek, Guantanamon egin zituen basakeriengatik kartzelan hamar urte eman baditu ere, ez da oraindik bere buruari barkatzeko gai, eta, horretarako, erredentzioa ekarriko dion egintza zintzo baten atzetik dabil.

Baliteke Schraderren istorioetara ohituta dagoenak filmaren ildoa nondik nora joan daiteken igartzea, eta, zer esanik ez, narrazioak lortu nahi duen suspense sentipena ahuldu dezake horrek. Beraz, zinemagilearen partetik ikuspegi berri bat itxaroten duenak ez du hemen aurkituko. Deigarria da, hala eta guztiz ere, nola lortzen duen formula zaharra egungo antiterrorismo globalarekin eta paranoia sentimendu garaikidearekin uztartzea. The Card Counter estilo eta ahots propiodun zinemagile baten azken aitorpena dugu, hain zuzen, 75 urterekin inoiz baino biziago dirudien zinemagile batena.