LABI batzordeak hala erabakita, Eusko Jaurlaritzak kultur ekitaldietarako edukiera murriztu du, ondorioz, 2022ko urtarrilaren 28ra bitartean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoek %60ko edukiera izan beharko dute; Nafarroan, aldiz, urtarrilaren 14ra arte egongo dira neurri berriak indarrean.

Covid neurriak-zinea

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID ziurtagiriaren erabilera ostalaritzako eremuetara, ospitaleetara, zentro soziosanitarioetara, zahar etxeetara, gimnasioetara, kultur ekitaldietara eta espetxeetara zabaldu zuen abenduaren 15ean. Ordutik, derrigorrezkoa da Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zinema aretoetara sartu aurretik langileei ziurtagiria erakustea.

Bada, birusaren hedapena, eta seigarren olatuaren indarra baretzeko asmoz, edukiera murriztea erabaki zuen atzo LABI batzordeak, eta ondorioz, 2022ko urtarrilaren 28ra bitartean, jan-edana debekatuta egoteaz gain, aretoen edukiera %60koa izan beharko da, gainontzeko kultur, gizarte edo kirol ekitaldietan bezala. Gainera, 01:00ean itxi beharko dira.

Nafarroari dagokionez, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren onespena jaso zuen gobernuak, eta beraz, urtarrilaren 14ra arte egongo dira indarrean ezarritako neurriak, besteak betse, COVID ziurtagiria aurkeztearena. Edukiera 1000 pertsonatik gorakoa bada barrualdeetan eta 2000koa kanpoaldeetan, nahitaez txostena eskatu beharko zaio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez bezala, zinema aretoetan jan eta edan ahalko da, bizikidetza-unitateen artean gutxienez butaka bateko distantzia mantentzen bada.