Claude Chabrol zinemagile frantziarrari eskainitako zinema zikloa iragarri du BilbaoArte Fundazioak. 2022ko urtarrilaren 26tik abenduaren 21era bitartean, 12 film pantailaratuko dituzte ArtHouse Zineman, asteazkenetan. Sarrera doakoa da, gonbidapenarekin.
Aitak eta aitonak ez bezala, farmazialari izateko ikasketak utzi eta Claude Chabrol (1930-2010) paristarrak laster ekin zion Cahiers du Cinéma aldizkarian zinema kritikak idazteari. Suspensea eta thrillerra maite zituen, eta Eric Rohmerrekin batera Hitchcocki buruzko azterketa zehazta argitaratu zuen 1957an. Henri Langloisek martxan jarritako Cinemathéquea sarri bisitatzen zuen.
60ko hamarkadan eztanda egin zuen Nouvelle Vague mugimenduko zinemagilea izan zen Jean-Luc Godard eta François Truffautekin batera, eta mende erdi baino gehiago eman zuen jardunean. Le beau Serge (1958) filmarekin egin zuen debuta, emazteak jasotako herentzia batekin finantzatutakoa, eta urte berean zuzendutako Les cousins-ek (1958) Urrezko Hartza irabazi zuen Berlinalean.
80 urterekin hil zen, Parisen, eta ondare zoragarria utzi zuen. BilbaoArte Fundazioak zinemagile frantziarraren azken hamarkadetako 12 film pantailaratuko du urte osoan zehar, hilabetero bat, asteazkenetan, 19:00etan:
- Urtarrilaren 26an: Poulet au vinaigre (1984)
- Otsailaren 23an: Inspecteur Lavardin (1986)
- Martxoaren 30ean: Masques (1987)
- Apirilaren 27an: Une affaire de femmes (1988)
- Maiatzaren 25ean: Madame Bovary (1991)
- Ekainaren 29an: Betty (1992)
- Uztailaren 27an: L’enfer (1994)
- Abuztuaren 31n: La Cérémonie (1995)
- Irailaren 28an: Rien ne va plus (1997)
- Urriaren 26an: Au Coeur du mensonage (1999)
- Azaroaren 30ean: Merci pour le chocolat (2000)
- Abenduaren 21ean: La fleur du mal (2003)
Sarrera doakoa da,baina aldez aurretik erreserbatu beharko dira telefonoz (944155097), eta proiekzioen egunean bertan hartu beharko dira, 9:00etatik saioa hasi baino ordubete lehenagora arte. Pertsona bakoitzak gehienez bi gonbidapen eska ditzake, eta zenbakituak izango dira. Segurtasun neurri eta protokoloak jarraituz, ezinbestekoa izango da musukoa erabiltzea, eta txertaketa-ziurtagiria (covid pasaportea) erakutsi beharko da sartzeko.
Informazio osagarria BilbaoArte Fundazioaren webgunean.