Iker Elorrieta zinemagile bilbotarrak Getxoko Muxikebarri zentroan aurkeztuko du bere lehenengo film luzea, El radioaficionado (2021). 69. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean lehiatu ostean, Estoniako Tallinn Black Nights FF zinema jaialdian parte hartu du azaroan.

El radioaficionado-Iker-Elorrieta-Zinea

Nikolas autismoa duen 30 urteko gaztea da, eta ama hiltzen zaionean, jaioterrira bidaiatzea erabakiko du. Misio bat bete nahi du, bi egunean itsaso zabalera heltzea. Bertan Ane aurkituko du, laguntzeko prest dagoen haurtzaroko lagun bakarra. Hala ere, komunikatzeko dituen zailtasunak direla-eta, Nikorentzat ez da erraza izango. Izan ere, mundu guztiak ez du maiztasun bera sintonizatzen. Kutsu soziala duen lana da Elorrietarena, modu soil eta minimalistan Espainiako lurraldean 400.000 pertsona baino gehiagok jasaten duten gaixotasun neurobiologiakoa jo puntuan jarriko duena.

2016an ezagutu zuten elkar zinegileak eta filmeko protagonistak (Falco Cabo), eta urtebete beranduago ekin zioten filmaketari. Lana Pantoma Films eta Nanu Films-ek ekoitzi dute, eta Aitor Etxebarria konpositoreak sortu du soinu banda. Falco Caboz gain, Usue Álvarez, Jaime Adalid, Peio Arnáez eta Arantza Galíndez dira aktoreak.

69. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean filma aurkeztu ostean, Estonian lehiatu da azaroan, eta orain, Getxoko Muxikebarri zentroan egingo dute aurrestreinaldia. Kultur Etxeak Getxo Ekinez planaren baitan martxan jarritako I. Kultura Programazio Deialdian hautatutako proiektuetako bat izan da El radioaficionado, eta herrian erakutsiko dute primizian, zinema aretoetan ikusgai egon aurretik.

Emanaldia abenduaren 30ean izango da, 19:00etan, eta sarrera doan da. Bertaratzeko, baina, gonbidapena jaso beharko da Muxikebarrin edo Romoko Kultur Etxean.