tre-piani-bloga-Ander-zineaZuzendaria: Nanni Moretti

Urtea: 2021

Herrialdea: Italia

Handitasuna kalitate zigilua ez dela aspaldi ulertu genuen, baina badirudi oraindik ere kontsakratutako zinemagile asko tematuta daudela proiektu diruzaleei heltzera. Ez da Nanni Morettiren kasua. Txikitasunetik, baina beste edonork baino handiagoa duen bihotzetik, abiatzen ditu proiektuak italiarrak, ez oso espektakularrak, bai ordea, sentiberak, intimoak. Bere bizitza da film askoren abiapuntu eta osotasunean bizi du esperientzia zinematografikoa. Kamera aurrean zein atzean aritu zalea da, askotan tontakeriak egiten, Vespinoa hartuta gustuko dituen Erromako auzoak zeharkatzen, minbizia diagnostikatu aurreko hilabeteei buruzko kronika ironikoak egiten –Caro diario (1993)-, eta herrialdeko politika erridikulizatzen -Aprile (1998)-.

Komediantea da Moretti, baina norberaren buruaz barre egiten dakien bezala, aldiro, badaki bekokia ilundu eta drama serioak egiten. Tre piani da horren adibidea. Fikzioari heldu dion lan ia orotan gertatu bezala, familiarteko harremanak dira ardatz nagusia oraingo honetan ere. Pertsonaien emozio eta sentimenduetan arreta jarriz, agortutako maitasunak, moraltasunak eta komunikazio-ezak eragindako atzera-bueltarik gabeko ikuskera pesimista proposatu digu. Duela bi hamarkada Canneseko Urrezko Palma irabazi zuen La stanza del figlio (2001) maisulanaren tonuan parekide izan badaiteke ere, bestelako norabide bat hartuko du Tre piani-k, koralagoa.

Istorioa ez du Morettik sortu, Eshkol Nevo idazle israeldarraren izen bereko eleberriaren egokitzapena baita, eta eraikin berean bizi diren hiru familiei gorabeherak gurutzatuko ditu: Luciok eta Sarak susmatuko dute Renato auzokideak bere alaba bortxatu duela; Monicak bakarrik hezi beharko ditu bere bi semeak, Giorgio senarrak etxetik igarotzen baititu asteak, lanean; Dora eta Vittorioren semeak emakume bat hil du auto istripuz, eta epailearen aurretik pasa beharko da. Hain zuzen ere, azken aipamen honek emango dio hasiera filmari, eta pixkanaka-pixkanaka joango dira gertakariak korapilatzen, nahasten.

15 urteko denbora-tartea hartuko du Tre piani-k, eta ondo erabakita utziko du Morettik elipsiak noiz egin. Intentsitate eta karga emozional handiko pasarteak ditu helburu, eta horietara iristean moztuko du, guri baitagokigu gertatutakoa asimilatu eta istorio bakoitzari epaia ematea. Eraikin bereko hiru familia dira kontakizunaren gidariak, errealitate bereko hiru belaunalditan banatutako partaideek osatuta. Eta Moretti ez da batere baikorra. Mundu zahar eta berreskuraezin batean kateatuta, itsututa, lekuz kanpo, erakutsiko du italiar klase ertaina, eta argi du etorkizunik bada, datozenen esku egongo dela. Gizakiak iparra galdu du, eta ez da gai inguratzen duenari aurre egiteko. Baloreen krisia faktikoa da.

Esperantza bakarra dago, oraindik ilusioz beteta dauden haurrek dute giltza, bizi-gogoa berpiztea da erronka, eta hala aldarrikatuko du italiarrak herrikide duen Fellini maisuari omenalditxoa eginez -gogoratu iaz beteko lituzkeela Riminikoak 100 urte, eta Tre piani hain zuzen ere, urte berean zela Canneseko jaialdian aurkeztekoa-. “É una festa la vita, viviamola insieme”, zioen Guidok Fellini otto e mezzo (1963) filmean, bizitzari zentzua behingoz aurkitu eta festa giroan eskutik helduta dantzatzeari ekin zionean. Bada, berdina gertatuko zaie hustear diren eraikineko bizilagunei Morettiren filmean. Musika entzungo dute bat-batean, herritarrak dantzan, prozesio alai baten bueltan, eta denbora gelditu egingo da, begiak distiraz beteko zaizkie, ametsa ote den galdegingo dute.

Gutxitan txalotu zaizkio halako ihesbide fantastikoak Nanni Morettiri, baina aitortu beharra dago, ikus-entzunezko baliabideak maneiatzen oso esku ona daukala.