Donostiako Bang Bang Zinemak proiekzio bikoitza izango duen saioa antolatu du otsailaren 12rako. 90eko hamarkadako bi klasiko pantailaratuko dituzte Antzoki Zaharrean, Basic Instinct (Paul Verhoeven, 1992) eta Williams Shakespeare’s Romeo and Juliet (Baz Luhrmann, 1996). Sarrerak gaur jarriko dituzte salgai, 11:30ean.

Maitasuna eta sexua izango dira Bang Bang Zinemak atondu duen hurrengo saioko protagonista nagusiak. 2022ko otsailaren 12an AEBetako zinemagintzan oihartzun handia izan duten bi film pantailaratuko dituzte, 19:30ean, Antzoki Zaharrean, jatorrizko bertsioan eta espainierazko azpitituluekin. Saioko kartela Unai Baquero diseinatzaileak sortu du.

Paul Verhoevenek zuzendutako thriller erotikoa izango da saioko lehenengo filma, Basic Instinct. Johnny Boz rock abeslari ohia eta San Francisco hiriko nightclub bateko jabea hilik agertuko da bere ohean. Bere neska-lagunarekin ikusi zuten azkenekoz, idazle famatu bat, eta bera izango da, hain zuzen ere, Nick Curran polizia agenteak duen susmagarri nagusia.

Williams Shakespeare idazlearen obra ezagunenetariko baten egokitzapena da jarraian emango dutena. Romeo eta Julietaren istorioa pantaila handira ekarriko du Baz Luhrmann zinemagileak, Leonardo Di Caprio eta Claire Danes protagonista dituenak. Filmak hainbat izendapen eta sari lortu zituen nazioarteko zinema jaialdietan.

Sarrerak eskuragarri jarriko dituzte gaur 11:30ean Donostia Kulturaren webgunean.