Arantza Santestebanen 918 gau film esperimentalak Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdiko Premo Latexos saria irabazi berri du. Abenduaren 14tik 19ra lehiatu da Pontevedran, eta epaimahaiak zinemagile nafarraren lana errekonozitzea erabaki du.
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Santestebanek 918 gau filmean, Txintxua Films eta Hiruko Filmakek ekoitzitako lanean. Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egitasmoaren 4. edizioan eman zituen proiektuaren lehen urratsak 2018an, eta jaialdi bereko WIP Europa jardueraren parte izan zen 68. edizioan.
Abenduaren 14tik 19ra ospatu duten Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian erakutsi du Santestebanek bere lana. Beste 23 zuzendari berrien lehenengo edo bigarren pelikulekin batera parte hartu du, eta Iria Silvosa, Carla Blanco Martinez, Manuel Asín, Víctor Paz eta Javier Pachónek osatutako epaimahaiak zinemagile nafarrari Premo Latexos saria ematea erabaki du.
Ibilbide polita egiten ari da 918 gau filma. Izan ere, DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaztetik dator. Portugalen hasitako bideak ez du etenik izan, Italian ere bere lana saritu baitute.
Azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean ospatu duten 39. Torino Film Festivalean parte hartu du ere, eta garaikurrarekin itzuli da Euskal Herrira. TFFDOC-Internazionale sailean lehiatu da, eta Catherine Bizern, Kristina Konrad eta Michael Wahrmann epaimahaikideek zinemagile nafarraren filma izendatu dute denen artean onena, “film zehatz eta geruza anitzeko batean aurkeztutako tentsio dialektikoak eta konplexutasuna” azpimarratuz.