Alberto Iglesias musikari donostiarra Madres paralelas (Pedro Almodovar) filmerako soinu banda sortzeagatik saritu du Los Angeles Film Critics Association elkarteak. Abenduaren 19an ospatu zuten 47. sariketa ekitaldia.

lafca-Alberto Iglesias

Musikariak hamaika Goya sari irabazi ditu eta hiru aldiz izan da hautagai Oscar sari-banaketarako. Gainera, abenduaren 13an jakinarazi zutenez, Iglesiasek bigarrenez izango du Urrezko Globoa bereganatzeko posibilitatea. Hitzordua iritzi aurretik baina, donostiarra hasi da nazioarte mailan errekonozimenduak pilatzen, izan ere, Los Angeles Film Critics Association-ek Pedro Almodovarrek zuzendutako Madres paralelas filmerako sortutako soinu banda goratzea erabaki du.

Abenduaren 19an egin dute sari-banaketaren 47. ekitaldia, Amerikako Estatu Batuetako Los Angeles hirian, eta bertan egoitza duten komunikabideetako zinema kritikariek osatutako elkarteak 2021eko ekoizpen eta profesional onenak erabaki ditu. Donostiarraren lana saritzeaz gain, Madres paralelas filmean aktore den Penelope Cruz ere nabarmendu dute. Film onena Ryusuke Hamaguchik zinemagilearen Drive My Car izendatu dute, eta zuzendari onena Jane Campion (The Power of the Dog). Ezagutu irabazleen zerrenda osatua, hemen.

Ibilbide oparoa

Montxo Armendarizen eskutik, 80ko hamarkadan, egin zuen lehen sarraldia zinemarako musikagintzan Iglesiasek. Paisaje eta Ikusmena film laburren soinu-bandak izan ziren. Eta handik gutxira Imanol Uriberen Mikelen heriotza (1984) filmarekin egin zuen jauzi film luzeetara. Dena den, 90eko hamarkadan hasi zen filmetarako soinu-bandak modu jarraiago batean sortzen, eta pixkanaka, Ricardo Franco, Carlos Saura, Pedro Almodóvar, Bigas Luna, Iciar Bollaín, Isabel Coixet zein Julio Medém bezalako zinegileekin lan egin zuen.

Nazioarteko filmografiari dagokionez, ordea, Oliver Stonen Comandante (2003), Fernando Meirellesen The Constant Gardener (2005), Marc Fosterren The Kite Runner (2007), Steven Soderberghen Che (2008), Hossein Aminiren The Two Faces of January (2014) eta Ridley Scotten ExodusGods and Kings (2014) lanetan hartu du parte.