Sorrentino-kritika-Zumeta-zineaZuzendaria: Paolo Sorrentino

Urtea: 2021

Herrialdea: Italia

Begiak ikusteko eginak daude, eskuak ukitzeko diren bezala, tenperatura antzemateko, goxotasuna edo laztasuna nabaritzeko. Zentzumenak; entzumena, usaimena, itsasoaren kresala kilometroetara arnasteko, entzun, portua, han, urrunean, dastatu.

Sorrentinok zinta ezin hobea eskaini digu oraingoan, zentzumenak pizten dituen horietakoa, barrokoa, zirraragarria, indartsua. Galdetzen diodalako neure buruari, zer dira zentzumenen bitartez jasotzen ditugunak, memoriarik gabe? Zirrara hutsa, eztanda bat, talka, kolpatzen gaituen irrika abstraktua. Memoria izango da bakoitzari bere tokia emango diona, zeri, nori dagokion zirrara hori erabakiko duena. Noiz izan zen lehengo aldia, zentzumen zehatz horren bitartez jasotakoa sentitu zenuenean, norekin, zein aldartetan?

Zuzendariak iraganera bidaiatzera gonbidatuko gaitu. 80. hamarkadako Napolesera gonbidatuko gaitu, Fabiettorenera. Ohi bezala, pertsonaia eskerga ezin bitxiagorekin jorituko du pantaila. Pertsonaia felliniarrak, Italiarrak, inperfektutasun ederrenean perfektuak guztiak. Nolakoa xalotasuna. Errepikatuko dut, zentzumenez ari garela, eta zergatik? Ba, filmak irakurketa kritiko askotatik hausnartu daitekeelako, baina zintak duen ezaugarri gogoangarrienetakoa ondorengoa delako: bizitzera gonbidatuko gaitu, edertasuna nonahi dagoela aitortuz, ez gehiegi pentsatu, ez momentua zapuztu, bizi, hori da kontua, une bakoitzaren edertasuna jardunean agertuko baitzaigu.

Daria D’Antonioren argazki landu eta poetikoak lagunduko gaitu kosmos berezian murgiltzen. Zuzendariak plano piktoriko barrokoak eraikiko ditu, kamera mugimendu trabeling eta atzekoz aurrerako bideak marraztuz. Etxean sar gaitezen familiarekin, atera gaitezen handik kalera, jira dezagun protagonistaren inguruan haren aldartearekin batera zorabioan. Angular handiak, aberranteak, distortsioa doitzeko zoologiko inauterizkoan.

Sorrentinok, istorio intimo eta pertsonala azalduko digu Fabiettoren begien bitartez, ia autobiografikoa dirudien kontakizunean. Fabiettto gazteak, nerabezaroaren azken orduak agortuko dituenean, helduen mundura agertzen hasi den honetan. Familia, lagunak, oporrak, irrikak, zinema eta futbola. Eta nola ez, Maradona.

Goraipagarria aktoreen aparteko lana, eskifaia ezinbesteko honetan, hondorapenari aurre egiteko. Eta zer esan soinu bandaz, beharrezkoa denean joko dituelako ezinbestean jo beharreko notak, zirrara gutaz jabetu dadin.

Napoles, Italiako hegoaldeko hiria, sumendiak behin hola suntsitutako Pompeyaren ondoan eraikia. Sineskeria, gehiegikeria eta esajerazioaren hiria. Jainkoaren eskua izan da, laztanduko gaituena, krudeltasunean, edertasunak ez duelako zertan alaia izan behar. Galdetu iezaiozue Pompeyako hiritarrei bestela.

Galdu zaitezte bada Sorrentinok proposatutako nihilismo hedonistan, ez dago oraina ez besterik, denborak ez gaitu itxarongo, bere martxa jarraituko du. Baina ez gaude bakarrik.

Maradona dugu.