Ikuspuntu – Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak filmak programatzen ikasteko ikastaro bat antolatu du 15-19 urte bitarteko gazteentzat. Interesa dutenek urtarrilaren 19ra arte dute izena emateko aukera. Gazteak X Punto de Vista programako arduradunek 15 pertsona hautatuko dituzte taldea osatzeko.
Nafarroako Gobernuaren Kultura Departamentuak bultzatutako Ikuspuntu – Punto de Vista jaialdiak, Cinema en Curs ekimenarekin eta Nafarroako Kutxa fundazioarekin elkarlanean, zinema programatzaile izateko ikastaroa antolatu du 15 eta 19 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Jarduera 2022ko otsailaren 3tik 10era gauzatuko da.
Esperientzia hau jaialdiaren hezkuntza programaren barruan txertatzen da, eta horren bitartez, gazteak elkartu eta Ikuspuntu – Punto de Vistak proposatutako hainbat film ikusiko dituzte. Ostean, film horiei buruz hitz egingo dute jaialdian zein proiektatuko den hautatzeko. Mercedes Álvarez zinemagile eta programatzailearekin, Arturo Redín gidoigile eta zinema irakaslearekin eta jaialdiaren lantaldeko hainbat kiderekin batera, programatzaile gazteek Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiaren esparruan zinema programatzea zertan datzan ikasiko dute.
Izen-ematea doan da, eta urtarrilaren 19ra arte egonen da zabalik, jaialdiaren webgunean. Hautatzaileek 15 gazte aukeratuko dituzte taldea osatzeko, eta sei saiok osatuko dute programa: otsailaren 3an, 10ean, 17an, 24an eta martxoaren 3an zein 10ean gauzatuko da ikastaroa, 16:30etik 19:30era.
Ikuspuntu – Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdiak martxoaren 14tik 19ra ospatuko du 2022ko edizioa, eta bertan, programatzaile gazteek hautatutako filma jendaurrean aurkeztu beharko dute. Proiekzioaren ondoren ikus-entzuleekin topaketa bat izango dute ere.