Arantza Santestebanen 918 gau film esperimentala Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian lehiatuko da. Hilaren 18an, larunbata, 12:00etan aurkeztuko du zinemagile nafarrak bere lana, Teatro Principal antzokian.

918 gau Pontevedra-zineaEuskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Santestebanek 918 gau filmean, Txintxua Films eta Hiruko Filmakek ekoitzitako lanean. Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egitasmoaren 4. edizioan eman zituen proiektuaren lehen urratsak 2018an, eta jaialdi bereko WIP Europa jardueraren parte izan zen 68. edizioan.

Ibilbide polita egiten ari da 918 gau filma. Izan ere, DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaztetik dator. Portugalen hasitako bideak ez du etenik izan, Italian ere bere lana saritu berri baitute.

Azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean ospatu duten 39. Torino Film Festivalean parte hartu du Santestebanen 918 gau lanak, eta garaikurrarekin itzuli da Euskal Herrira. TFFDOC-Internazionale sailean lehiatu da,  eta Catherine Bizern, Kristina Konrad eta Michael Wahrmann epaimahaikideek zinemagile nafarraren filma izendatu dute denen artean onena, “film zehatz eta geruza anitzeko batean aurkeztutako tentsio dialektikoak eta konplexutasuna” azpimarratuz.

Orain, abenduaren 14tik 19ra ospatzen ari diren Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian erakutsiko du Santestebanek bere lana. Betse 23 zuzendari berrien lehenengo edo bigarren pelikulekin batera ari da parte hartzen, eta hilaren 18an aurkeztuko du, 12:00etan, Pontevedrako Teatro Principal aretoan.