Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) Zinemaldia trantsizioan: Donostia Zinemaldia aldaketaren urteetan (1976-1985) erakusketa inauguratu berri dute. Tabakalera zentroko laugarren solairuan dago kokatua, Kutxa Kultur Plazan, eta 2022ko otsailaren 20ra arte egongo da ikusgai.

Zinemaldia erakusketa zinea

Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70) proiektuko lan-taldearenak izan dira komisariotza-lanak, Pablo La Parra EQZEko irakaslearen koordinaziopean. 2020an ekin zion Z70 proiektuak Zinemaldiaren argazki ondarea lantzeari, eta bi lan-ildotan aritu dira ordutik: Zinemaldiko artxiboaren argazki-funtsa kontserbatzen, katalogatzen eta ikertzen; eta Kutxatekaren bildumako funtsak aztertzen eta katalogazioa hobetzen.

Zinemaldiaren lehen urteen inguruko Lehen Urratsak. Beste begirada batzuk Donostia Zinemaldiaren historia bisualari (1953-1970) erakusketaren ostean, Donostia Zinemaldiak, Kutxa Fundazioak eta Elias Querejeta Zine Eskolak (EQZE) jarraipena emango diote zinema jaialdiaren artxibo historikoa herritarrengana zabaltzeko asmoari. Oraingoan, Zinemaldiak Trantsizio garaiari nola aurre egin zion ezagutzeko aukera izango dugu 30 argazkik osatutako erakusketa batean. Esperimentazioak eta demokratizazioak baina baita ezegonkortasunak markatutako garai horren iruditegia aurkeztu dute Kutxa Kultur Plazan.

Erakusketa 2022ko otsailaren 20ra arte egongo da zabalik astelehenetik ostiralera 09:00etatik 21:00etara; larunbatetan 10:00etatik 22:00etara; eta igandeetan 10:00etatik 21:00etara.

Hamarkada ezegonkorra

1977tik aurrera, Zinemaldiaren kudeaketa Donostiako Udalaren esku geratu zen, egitura frankista fosilduaren hiru hamarkadaren ondoren. Batzorde Errektorea ahots berriak hartzen hasi zen, besteak beste, Nestor Basterretxea eta Eduardo Chillida artista antifrankistak, auzo-elkarteetako ordezkariak, zineklubak eta lehiaketak bizirik irauteko buru-belarri lan egin zuten izen propioak, hala nola José Ángel Herrero-Velarde eta Luis Gasca, ere.

Urte horietan, diktadura frankistak erbesteratutako eta zentsuratutako zinemagileen topagune bihurtu zen Donostia. Jaialdiak bere tradizio elitista hautsi zuen eta bere audientziak demokratizatu zituen; izan ere, bere proiekzio eta solasaldiak Euskadi osoko langile-auzo eta udalerrietara zabaldu zituen Auzoak eta Herriak sailaren bitartez. Ivan Zulueta, Pedro Almodovar eta beste sortzaile berri batzuei ireki zitzaizkien pantailak.

Zinemaldiak lengoaia berrien aldeko apustua egin zuen ekimen aitzindarien bidez, hala nola Guadalupe Echevarríak 1982 eta 1984 artean sortu eta zuzendu zuen Bideo Jaialdia. Bien bitartean, zinema-aretoak abian ziren borroken erresonantzia-kutxa ziren: intsumisioaren mugimendutik euskal gatazkaraino; Latinoamerikako diktaduren salaketatik –argazki batzuetan ikusten dira Pinocheten eta Somozaren aurka Victoria Eugenia antzokiaren aurrean egindako manifestazioak– feministen eta LGTBIQ+ kolektiboen aldarrikapenetara –ez dira falta Alaska, Bibiana Fernández, José Pérez Ocaña, Ángel Pavlovsky eta beste artista batzuen irudiak–.