Iciar Bollaín omenduko duen atzera begirakoa eskainiko du Azkuna Zentroak, urtarrilaren 12tik hasita martxoaren 24ra bitartean. Ziklo honetan zinemagile espainiarraren 11 film izango dira ikusgai.

azkuna-zentroa-iciar-bollaín-zineaPier Paolo Pasoliniren, Luis Garcia Berlangaren eta Jean-Pierre Melvilleren obrari eskainitako egitarauaren ostean, Icíar Bollain zinemagile espainiarraren lanari aitortza egingo diote Zinemateka sailean. Arrakala ireki duten eta espainiar zinemak nazioz gaindiko izaera hartu duen emakumezko zuzendarien belaunaldiaren buru ageri da.

Ikus-entzuleekin bat egiten duten istorioekiko bokazioa agertu du Bollaínek hasiera-hasieratik, istorio horien bitartez zuzendaria modu enpatikoan gerturatzen baita pertsonen bizitzetara: “Artifiziorik gabe egiten du eta irismen globaleko gai eta arazoen inguruan argi apur bat emateko asmoz: indarkeria, matxismoa edo ekologismoa, esaterako. Zinemako lanbideaz duen jakin-mina eta lilura nabarmentzen dira zuzendari honengan”.

Gizartearekiko konpromisoa duen zinemagilea da, eta horren isla dira bere lan guztiak. Hola, ¿estás sola? (1995) bere lehenengo filmean dagoeneko erakutsi duen sororitatea eta ahalduntze femeninoa izango direla jorratuko dituen gai nagusiak, eta horixe bera ezagutuko dute 2022ko urtarrilaren 12an Bilboko Azkuna Zentrora gerturatzen direnek. 19:30ean pantailaratuko dute zikloari hasiera emango dion pelikula, eta asteazkenero zein ostegunero errepikatuko dute hitzordua. 11 filmek osatuko dute atzera begirakoa, eta Maixabel (2021) izango da martxoaren 24an proiektatuko duten azkena.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Urtarrilaren 12an eta 13an: Hola, ¿estás sola? (1995)
  • Urtarrilaren 19an eta 20an: Flores de otro mundo (1999)
  • Urtarrilaren 26an eta 27an: Te doy mis ojos (2003)
  • Otsailaren 2an eta 3an: Mataharis (2007)
  • Otsailaren 9an eta 10ean: También la lluvia (2010)
  • Otsailaren 16an eta 17an: Katmandú, un espejo en el cielo (2011)
  • Otsailaren 23an eta 24an: En tierra extraña (2014)
  • Martxoaren 2an eta 3an: El olivo (2016)
  • Martxoaren 9an eta 10ean: Yuli (2018)
  • Martxoaren 16an eta 17an: La boda de Rosa (2020)
  • Martxoaren 23an eta 24an: Maixabel (2021)

Zikloaren inguruko xehetasun gehiago, hemen.