Abenduaren 9tik 18ra bitartean ospatzen ari diren Zaragozako La Mirada Tabú Film Laburren Nazioarteko Jaialdian erakutsiko dituzte Iñigo Aranbururen Oihartzunak eta Amaia Sebastianen Rewind lanak. Sail ofizialean lehiatzeko aukeratu dituzte, beste 39 film laburrekin batera.

la-mirada-tabu-Zaragoza-zinea-1Aranburuk zuzendari gisa osatu duen lehen film laburra da Oihartzunak, eta 2021eko Kimuak katalogorako hautatu zuten iragan ekainean. Orain urtebete zendu zen aktorearen ama, eta gurasoen etxera joaten zenean sentitzen zuen hutsuneari emaniko erantzuna da filma. Amarekin zituen oroitzapen dibertigarrien eta penaren arteko lotura egin nahi izan du bertan, aktore gisa ezagutu dituen lankide eta lagunen babesean. Ikusi ZINEAn egin genion elkarrizketa, hemen.

Bestalde, B-Egia elkartearen baitan sortutako pieza da Sebastianek erakutsiko duena. Bake-leku argitsu eta garbi batean, emakume bat bere kabuz irtengo da, guri begira, patu beldurgarri batetik ihes eginez eta askatasunerantz ibiltzen. Existitzen ez den toki batean, denbora nabigagarrian, zinta magnetiko batean bezala, Rewind-Play-FastForward.

1270 lan jaso dituzte aurten La Mirada Tabú Film Laburren Nazioarteko Jaialdiko hautaketa batzordeko kideek, baina 41 soilik ari dira abenduaren 9tik 18ra bitartean egiten ari diren 15. edizioko sail ofizialean parte hartzen. 12 herrialdetatik etorritako film laburrekin lehiatuko dira Oihartzunak eta Rewind ekoizpen euskaldunak.