Atlantidoc Urugaiko Nazioarteko Zine Dokumentalaren Festibalean gailendu da Non dago Mikel? lana. Abenduaren 2tik 13ra bitartean ospatu dute 15. edizioa, eta Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’-k zuzendutako dokumentalari sari nagusia eman dio epaimahaiak.
Guardia zibilak atxilotu ondoren, 1985eko abenduan hilda agertu zen Mikel Zabalza autobus-gidariaren desagerpenaren ikus-entzunezko kronika egiten du, dokumental formatuan. Zabalza desagertuta egon zen 20 egun horietan, bertsio ofizialak eragindako mesfidantzak bultzatuta jokatu zuen euskal gizarteak, eta gizon gaztearen gorpua azkenean Bidasoa ibaian flotatzen agertu zenean, protesta ugari egin eta eztanda sozial handiak egon ziren. Zabalza torturatuta hil zela uste zuen jendeak oro har, baina inoiz ez zuten inor ez epaitu ez zigortu. 2020ko azaroan 35 urte bete dira Zabalza hil zenetik, eta bere familiak egia aldarrikatzen du oraindik.
Amaia Merinok eta Miguel Angel Llamas ‘Pitu’–k zuzendutako lana Izar Films eta Ahotsa.info-k ekoitzi dute, garaiko artxiboko materiala eta hildakoaren familiaren eta kasuarekin zerikusia duten pertsonen testigantzak bilduta. Bada, enegarren errekonozimendua iritsi zaio dokumentalari. Abenduaren 2tik 13ra bitartean ospatu duten Atlantidoc Urugaiko Nazioarteko Zine Dokumentalaren Festibalaren 15. edizioan gailendu da Non dago Mikel?, izan ere, sari nagusia jaso du.
Filmak Donostiako Zinemaldiko Irizar Sariaren epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen 2020an, eta zalaparta handiz heldu zen aretoetara otsailaren 26an, egun batzuk lehenago publiko egin baitziren Alberto Perote CESIDeko koronel eta zerbitzu sekretuetako buruaren eta Pedro Gomez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren arteko elkarrizketa bat jasotzen zuten grabazioak. Bertan, Gomez Nietok Zabalza Intxaurrondo kuartelean torturatuta hil zutela entzun daiteke.
Lauaxeta Saria eman zion Bizkaiko Foru Aldundiak, eta herriz herriko emanaldiak nazioarteko jaialdietan egindako parte-hartzeekin uztartuz eman dituzte azken hilabeteak, eta, besteak beste, Guadalajarako (Mexiko) Nazioarteko Zinema Jaialdian (FICG) edota Terra Gollut jaialdi kataluniarrean parte hartu du.