Umorea Labur film laburren jaialdiaren XX. edizioa ospatzen ari dira egunotan Arrigorriagan. Abenduaren 13an ekin zioten aurtengo ekitaldiari, eta hilaren 18ra bitartean 30 bat film labur lehiatuko dira sail ofizialean. Herriko eta inguruko zinemagileek egindako lanak ere pantailaratuko dituzte saio berezi batean.

Umorea laburrean jaialdia-zinea

“Urtearen amaiera gainean dugu, eta harekin batera, Umorea Labur film laburren jaialdia. Bazirudien 2021. urte honek normaltasun berria ekarriko zuela, eta normaltasun berria da… baina erdizka”. Hitzok erabiliz aurkeztu dute Lanbarri Kultur Elkarteko kideek aurten bi hamarkada beteko dituen Umorea Labur Arrigorriagako Umorezko Laburren jaialdia. Atzo eman zioten hasiera, Iker Elorrieta zinemagile bilbotarraren lehenengo film luzea, El radioaficionado, pantailaratuz, eta datozen egunetan sail ofizialeko 31 lanak erakutsiko dituzte. Hilaren 18ra bitartean, herriko Lonbo Aretoan barrez lehertzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Pandemiak zuzenean eragindako edizioa izango da, hala, Kortopote jarduera ezin izango dute gauzatu, baina No solo paja atala bueltan dela iragarri dute arduradunek, herriko eta inguruko zinemagileen lanak ikustaraztea helburu duen saila hain zuzen ere. Ostiralean, abenduaren 17an, izango da saioa, 21:00etan, eta bederatzi film labur proiektatuko dituzte.

Itxiera ekitaldia Lander Otaola eta Ylenia Baglieto aktoreek aurkeztuko dute, biak ala baiak jaialdian lehiatu diren lanetan izan dira aktore, sariak banatu dituzte, eta ikusle izan dira. Ekitaldian, Sonia Pacios zinemagile, gidoilari eta ekoizleak, Diego Perez zein Itxaso Quintana aktoreek osatutako epaimahaiak merezitako errekonozimenduak emango diete film irabazleei. Saridun guztiek txantxarria izango dute opari.

Umorezko film labur onenaren saridun den lanak 1.000 euro jasoko ditu, eta zuzendari onenak 500 euro. Antzezpen onena ere errekonozituko dute, eta kasu honetan, 300 euro emango dizkiote aktoreari. Gaztea saria 600 eurokoa izango da, eta ikus-entzuleek ere lan gogokoena erabaki eta beste 600 euro banatzeko aukera izango dute.

Ezagutu egitaraua, Umorea Labur jaialdiaren webgunean.