Ana Cristina Barragán, Jaume Claret, Meritxell Colell, Irati Gorostidi, Joâo Paulo Miranda eta Maximiliano Schonfeld zinemagileen proiektuek parte hartuko dute Ikusmira Berriak programako zortzigarren edizioan. Programak zortzi aste iraungo ditu, eta sortzaileek bi egonaldi egingo dituzte Donostian.

Ikusmira Berriak VIII-zinea

Donostia Zinemaldiak, Tabakalera – Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elías Querejeta Zine Eskolak (EQZE) urtero antolatzen duten programa da Ikusmira Berriak. 281 proiektuk eman dute izena 2022ko deialdian, eta Hautaketa Batzordeak askotariko gaiak lantzen dituzten eta hainbat latitudetan kokatzen diren sei aukeratu ditu (iaz baino bat gehiago):

  • EQZE: La hiedra, Ana Cristina Barragán

”Interesatzen zaizkidan filmak historia batetik harago doaz; aroma daramate, zapore paregabea bere atmosferan, bere bakantasunean eta bere ekintza txikien sakontasun ikusezinean. Zuzentzen ari naizenean, asko pentsatzen dut gorputzetan. Gorputzen baldartasunean, ukimenean, eskuen adierazkortasunean eta ikusten ez den baina sumatzen den guztian pentsatzen dut. Adin berekoak diruditen seme baten eta ama baten gorputzak, gorputz lokartuak; betazalen azpian gertatzen dena, filmarentzat helezina den tokia. Istorio honetan biltzen dira beste umezurtzen gorputzak, masturbazio kolektiboetan, jolasetan eta animaltasunean”.

  • NEST: Estrany riu / Strange River, Jaume Claret

”Udaro, Europako ibai baten ibilbidea egiten nuen bizikletan nire familiarekin. Ibai horiek nire eta nire anaien haurtzarotik nerabezarora bitarteko bidea zehaztu zuten. Estrany riu filmarekin, anaien arteko harremanetako maskulinitateari buruz hausnartu nahi dut. Bi anaien sexu-grinaren eta anai nagusiak erreferentzia izateari uztearen inguruko bilaketa bat da. Nik arkitekturaren eta espazioen bitartez lantzen dut zinema. Kasu honetan, Danubio ibaiaren geografia abiapuntutzat hartuta garatzen da Estrany riu. Ibaia, hasieran, errekatxo bat da, baina zabalagoa egiten da Dídac hazten den heinean”.

  • ESPAINIA: Lejos de los árboles / Far from Trees, Meritxell Colell

”Urrun egoteak sentiarazten duen mina; gehien maite duzun pertsonetako bat egun batean hilko dela eta bertan egon ezingo zarela jakitea. Agur esan ahal ez izatea. Doluari, beldurrei, ametsei, erbestealdiaren ondoretasunari eta deserrotzeari buruzko film bat. Angélica Castelló mexikarra da, emigrante errusiarren eta espainolen biloba. 17 urterekin emigratu zuen. Atzerritar etengabea; bere etxea soinua da: zubi bat munduen artean, atari bat memoria pertsonala eta kolektiboa zeharkatzen duen esperientzia baterantz. Muga geografikoetan eta zinematografikoetan kokatzen da filma, benetakoaren eta fantastikoaren artean; ezinezko bidaietako nabigatzaileentzat egina”

  • EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOA: Anekumen, Irati Gorostidi

”Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da. 70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta”.

  • NAZIOARTEA: Bandeira, Joâo Paulo Miranda

”Egile brasildarra naizenez (indigena amaren aldetik eta bandeirante aitaren aldetik), uste dut niri dagokidala borroka honi ahotsa ematea, beti sentitu bainaiz horrekin identifikatua. Nire filmetan beti saiatu naiz gutxiengoak, pertsona jazarriak eta gizarteak baztertzen dituenak lehen lerroan jartzen. Bandeira bat dator nire aurreko filmekin; izan ere, nire pertsonaiak beti borrokatzen dira inposatu dieten izaeraren kontra”.

  • NAZIOARTEA: Frankenstein, Maximiliano Schonfeld

”Selva Almada egilearekin lan egin nuen denboran, hitzaren eta irudiaren arteko talkarekin zerikusia zuten kezka batzuk sortu zitzaizkidan. Kezka horiek ere literaturarekin eta zinematografiarekin lotuta zeuden. Baita horien lekualdaketarekin eta ezin gaindituzko formekin ere, polaritatetik eta esperimentaziotik abiatuta beti. Eta, hain zuzen, Selvarekin idatzi nuen filmaren grabaketan, berriz irakurri nituen Mary Shelleyren Frankenstein eleberrian azpimarratu nituen zatiak. Bereziki irakurri nuen kapituluan, munstroa baserrian ezkutatuta zegoen, familia baten egunerokotasunari begira, eta, begiraldi horretan, hizkuntza, lana, maitasuna eta tristura zer diren ikasi zuen. Nire irudimenean, baserri horrek Entre Ríosen hainbestetan filmatu nituen baserrien itxura zuen. Liburuak, bai eta filmak ere, bidaia bat proposatzen du paisaietan eta izateko moduetan zehar, desbideratze eta ingurune ahuletan eta ia ikusezinetan zehar. Eta, galdera bera egiten du: ba al da planik guretzat?”.

Zortzigarren edizioaren zehaztapenak

Egoiliarrak martxoaren 14an iritsiko dira Tabakalerako Artisten Gunera, eta sei aste izango dituzte beren proiektuak garatzeko. Apirilaren 24ra bitartean, parte hartzaileen beharrak kontuan hartuta ex profeso aukeratutako aditu eta profesionalen batzordeko kideen laguntza izango dute.

Ekainean, egoiliar bakoitzak 5.000 euroko laguntza jasoko du, programaren bi egonaldien artean euren proiektuetan lan egiten jarrai dezaten. Irailean, Donostia Zinemaldiko 70. edizioaren baitan, Donostiara itzuliko dira egonaldiko azken bi asteak osatzeko. Industriako profesionalei aurkeztuko dizkiete proiektuak, eta, agenda pertsonalizatu bati esker, euren proiektuetan parte hartu nahi duten pertsonekin elkartzeko aukera izango dute. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, Irusoin ekoiztetxeak emandako Irusoin saria eskuratzeko hautagai izango dira.

Informazio osagarria Donostia Zinemaldiaren atarian topatuko duzue.