Zure platerean hasten da mundua ikus-entzunezkoa prestatzen ari dira On Produkzioak ekoiztetxea eta Landarlan Ingurumen Elkartea. Lankidetzan martxan jarritako proiektu berri honek Euskal Herriko txoko ezberdinetako ekoizle eta baserritar txikiei protagonismoa eman nahi die, kontsumo ohituren inguruko hausnarketa proposatuz.

On produkzioak-zineaMendilerroaren “aparteko balioa” ezagutarazi eta balioan jarri nahian, Aralar, mundua leku den lurra dokumentala errodatu zuten 2018an, eta ordutik, Euskal Herrian zehar emandako hainbat emanalditan 7.000 lagunek baino gehiagok ikusi dute, eta orain, berriz batu dituzte indarrak On Produkzioak ekoiztetxeak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak proiektu berri bati helduz: Zure platerean hasten da mundua ikus-entzunezkoa “mamitzen” ari dira.

“Gizakiak planeta honetan luzaroan iraun nahi badu, bertan bizi diren biztanleen elikadurari eta jaki hoien ekoizpenari garrantzi berezia eman behar dio. Pelikula honetan, Euskal Herriko lurralde ezberdinetako ekoizleek kalitatezko produktuak ingurumenarekin orekan ekoiztea posible dela erakutsiko digute. Ekoizleen lotura bazkari baten bueltan sortuko den ildo nagusiaren baitan garatuko da. Gizartean barneraturik ditugun kontsumo ohituren inguruan hausnartzera eramango gaitu filmak”.

Aloña Jauregi eta Ion Fernandez izango dira zuzendariak, eta Iban Toledo arduratuko da argazkiaz. Dokumentalaren gidoia Amaia Aierbek idatzi du, eta jakinarazi dutenez, saiakera berezia egiten ari dira Euskal Herriko txoko ezberdinetako ekoizle eta baserritar txikiek protagonismoa izan dezaten: “Horixe da filmak daraman mezua, konturatzen ote garen, non, zer eta nori erosten diogun erosketak egitera goazen bakoitzean”. Hala, zuzeneko salmenta, txikienei erosteko hautua eta agroekologiarekin lotuta dauden ekoizleak eta kontsumo ohiturak bultzatzea da proiektuaren helburua.

Euskal Herriko hiru aktore ezagunek parte hartuko dute lanean, Andoni Aizpuru eguraldi iragarleak, Maitena Salinas kazetariak eta Goazen telesaileko Maria Redondok. Baina horiez gain, protagonista bereziak izango ditu Zure platerean hasten da mundua proiektuak:

  • Pikunieta baserriko artzain eta gaztagileak: Exkerra, Josebe eta familia guztia.
  • Arabako Tierra, Papel, Tijera proiektuko nekazariak: Monica, Andrea eta Ramon.
  • Lapurdiko Mikela Untsain erlezain eta eztigilea.
  • Iruñeko Landare kontsumo elkarteko kide den Oskar Estanga.

Proiektu hau garatzeko Kutxa Fundazioa eta EKOLURRA – Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren babesa, zein EHKOlektiboa eta Diametro200 elkarteen, eta Idoki, Landare, Orona Fundazioa Ordiziako Udala, Orkli, Irizar eta Errekaren laguntza izan dute sortzaileek.