Eliza Kubarska zinegile poloniarrak zuzendutako Sciana Cieni (The Wall of Shadows) dokumentalak irabazi du abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatu duten 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdia. Euskarazko film onena, aldiz, Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peralek zuzendutako Amagana izendatu dute, eta Mendiak – 1976 lanak (Luis Arrieta Etxeberria) bi sari eskuratu ditu: mendiko film onenaren eta ikusleen saria.
Astebete baino gehiagoz, mendia eta natur gaiak izan dira Bilbon protagonista, izan ere, urtero legez, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiak abentura nahia asetzeko edota berpizteko proposamenak eskaini dizkie herritarrei. Oraindik ere gure artean dugun birusari aurre egiteko gai izan da nazioarteko proiektu bikainenak biltzen dituen ekitaldia, izan ere, 7.500 ikus-entzuletik gora bildu ditu aurten (iaz baino 2.000 gehiago). Baina mendizaleek egin bezala, tontorrera igo ostean jaistea tokatzen da, eta zinema jaialdiari iritsi zaio ohiko kanpamentuak -BBK Aretoa, Golem zinemak eta Euskalduna Jauregia- utzi eta 14. espedizioari egur esateko garaia. Filmen emanaldiez gain, hitzaldiak, eztabaidak eta orotariko ekitaldiak antolatu dituzte: 11 hitzaldi edota mahai-inguruk zein 6 erakusketek osatu dute egitaraua. III. Mendi Film Bizkaia-Ternua Bekaren deialdia ere zabaldu dute.
Mendi Filmek inoiz izan duen ekoizpen kopuru handiena jaso dute antolatzaileek aurten, eta azkenik, 11 herrialdetako 52 lanek parte hartu dute jaialdian. Epaimahaia Mauro Leveghi Trento Film Festivaleko presidenteak, Kepa Sojo zinemagileak, Paula Olaz eta Joaquiín Gómez soinu banden konpositoreek, eta Arrate Landaluze ikus-entzunezkoetako itzultzaileak osatu dute, eta beren ebazpenaren berri eman dute: Sciana Cieni (The Wall of Shadows) dokumentalak jaso du 14. edizioko sari nagusia. Eliza Kubarska zinegile poloniarrak zuzendutako filma Jannu edo Kumbhakarna (Himalaia, 7710m) mendiaren altzoan kokatzen da, eta Dmitry Golovchenko eta Sergey Nilov alpinista errusiarrek 2019ko udaberrian burutako jarduera epikoa kontatuko du. “Ikuskera oso originala” duela iritzi dute epaimahaikidek: “Alpinismoaren munduan oso gutxitan entzuten den ahots bati egiten dio lekua. Sotila eta zirraragarria, gidari sherpek gaur egun duten dikotomia islatzen du, eta gizakiari bere mugak onar ditzan eskatzen dio”.
Film labur onena, aldiz, Melting Landscapes (Pepe Molina Cruz) izendatu dute, “argazki bikainean oinarritzen den berealdiko proposamen estetikoaren bidez, klima-aldaketaren arazo konplexuari buruzko gogoeta sakona” egiteagatik. Euskarazko film onena Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peralek zuzendutako Amagana izatea erabaki dute: “Gure sustraietarako bidaia erakusten du filmak, musikaren, euskararen aberastasun dialektalaren eta naturarekiko eta ama lurrarekiko maitasunaren bidez”. Mendiak – 1976 lanak (Luis Arrieta Etxeberria) bi sari eskuratu ditu: ikusleen saria eta mendiko film onenarena: “Hunkiberatasuna, umiltasuna eta hurbiltasuna dira filmaren hiru ‘tasun’ nagusiak; izan ere, lanak ezin argiago erakusten du alpinismoaren muin-muinean dagoen balioa: sokakideen arteko anaitasuna”.
Jarraian palmares osoa:
- Sari nagusia: Sciana Cieni (The Wall of Shadows, Eliza Kubarska)
- Zuzendari onena: Hamid Sardar, Le Cavalier Mongol filmagatik
- Gidoi onena: Godspeed, Los Polacos (Adam Nawrot)
- Argazki onena: A White Dream (Mathieu Le Lay)
- Epaimahaiaren sari berezia: The Traverse (Ben Tribbetts)
- Soinu banda onena: Laurent Parisi, Le Cavalier Mongol filmagatik
- Mendiko film onena: Mendiak – 1976 (Luis Arrieta Etxeberria)
- Eskaladako film onena: Black Ice (Zachary Barr eta Peter Mortimer)
- Kultura eta natura film onena: La Pantalla Andina (Carmina Balaguer Montón)
- Kirol eta abentura film onena: After Antarctica (Tasha Van Zandt)
- Film labur onena: Melting Landscapes Glaciares (Pepe Molina Cruz)
- Euskal film onena: Amagana (Jon Goikoetxea Lopez de Alda eta Iker Larrañaga Peral)
- Epaimahaiaren aipamen berezia: Julia (Jocelyn Chavy)
- Ikusleen saria: Mendiak – 1976 (Luis Arrieta Etxeberria)
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiari buruzko informazio osatua eta 14. edizioaren balorazioa, hemen.