‘Bidaiariak, zinera!’ kanpainaren seigarren edizioari ekingo diote gaur bertan. EZAE elkarteak Zineuskadirekin sinatutako lankidetza-hitzarmenaren ondorioa da, eta euskal eta europar zinemaren kontsumoa sustatu eta ikusleak zinema-aretoetara erakartzea du helburu.

Bidaiariak-zinera-zinea

Ikusleak zinema-aretoetara erakarri eta euskal nahiz europar zinemari bultzada emateko, prezio bereziak eskainiko ditu kanpainak beste behin. Zinemazaleek bi euroko deskontu zuzena izango dute astero EZAEk aukeratutako bi filmen sarrerak erosterakoan. Batez ere, euskal zinemari eta euskarazkoari emango diote lehentasuna, baina europar filmen sustapena ere egingo dute. EZAE elkartera atxikitako zinemek automatikoki aplikatuko dituzte deskontuak, sarrerak leihatilan erosita.

Iñaki Sánchez Arrietaren El lodo eta Violeta Salamaren Alegría filmak izango dira gaurtik aurrera ‘Bidaiariak, zinera!’ egitasmoaren lehen onuradunak. Izan ere, asteburu honetan bertan dira estreinatzekoak, eta EZAE elkarteak Zineuskadirekin sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker beherapena aplikatuko zaie.

Oraindik ere zinema aretoetara noiz iritsiko diren ziurra ez den arren, kanpainan parte hartuko dute Nowhere Special (Uberto Pasolini), Il materiale emotivo (Sergio Castellitto), Pil (Julien Fournet, 100 días con la tata (Miguel Ángel Muñoz), La abuela (Carlos Plaza) eta Madeleine Collins (Antoine Barraud) filmek ere.

2015ean jarri zuten martxan egitasmoa, eta ordutik 117.000 ikus-entzulek baliatu dute aukera filmak zinema aretoetan ikusteko. Guztira, 60 pelikuletan aplikatu dituzte zuzeneko deskontuak, eta aurten ere, hala izango da. Araba,Bizkaia eta Gipuzkoako 68 zinema-areto batzen dituzten EZAEko 19 zinema eta zortzi enpresa-bazkide gehitu dira ‘Bidaiariak zinera!’ kanpainara. Donostiako Principe, Trueba eta Antiguo Berrik, Lekeitioko Ikusgarri zinemak, Durangoko Gran Cinema Zugazak, Eibarko Coliseo Antzokiak eta Getxo Zinemak. Horiez gain, Hirutek enpresaren bost aretok ere bat egingo dute: Andoaingo Bastero kulturguneak, Zumarragako Zelai Arizti aretoak, Villabonako Gurea aretoak, Oñatiko zineak eta Lazkaoko Areria zineak. Halaber, Bilboko Golem Alhondiga eta Multicines, Beasaingo Usurbe Antzokia eta Errenteriako Niessen Zinema ere izango dira egitasmoaren barne, besteak beste.