Bigarrenez ospatuko dute aTAC BILBAO topaketa aurten. Abenduaren 11n (larunbata) izango da, Bilborock aretoan, eta film labur euskaldunak zein kataluniarrak proiektatuko dituzte.

atacbilbao-zinea

Fantasiazko eta beldurrezko zinema ardatz duen ekitaldia da aTAC BILBAO, aurten bigarrenez ospatuko dutena. Euskal Herriko eta Kataluniako zinemagintzaren arteko topaketa bilakatu nahi du ekitaldiak, horregatik, mahai inguruak, solasaldiak, ikuskizunak eta film laburren emanaldiak jasoko ditu. Euskal ordezkariak Kimuak 2020 aukeraketan hautatuak izan ziren Paul Urkijoren Dar-Dar eta Pablo Hernandoren El ruido solar izango dira.

El Monstruito eta Caostika elkarte bilbotarrek antolatutako ekimena da,  TAC (Terror Arreu de Catalunya, lurraldeko 11 zinema jaialdik osatutako elkartea), FANT Bilbao, Sarean eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearekin lankidetzan.

Jarraian larunbaterako prestatu duten egitaraua:

  • 12:00etan, Caostica elkartearen egoitzan: 30 años del Festival de Terrormolin dokumentalaren proiekzioa. Ostean, arduradunekin solasaldia egongo da.
  • 18:00etan, Bilborock aretoan: solasaldia FANT Bilbao, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea, Cardoterror, Cryptshow, Dr Mabuse eta Fangofest jaialdietako ordezkariekin.
  • 19:00etan, Bilborock aretoan: film labur kataluniarren emanaldia.
  • 20:00etan, Bilborock aretoan: film labur euskaldunen emanaldia.
  • 22:00etan, Bilborock aretoan: FLAN musika taldearen kontzertua.