Sebastián Álvaro abenturazaleak jaso du 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiaren WOP-The Walk On Project 2021 Saria. “Alpinismoaren balio sozialen defentsa eta transmisioan eginiko lana” aitortu diote abenduaren 5ean, Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian.
Alpinismoaren balioen defentsa aitortzen duen saria da aurten zortzigarrenez WOP Fundazioak banatu duena, eta Sebastián Álvaro kazetaria, errealizadorea eta alpinista izan da hartzailea. The Walk On Project fundazioko zuzendari Mikel Renteriak eta BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiko zuzendari Jabier Baraiazarrak eman zioten Eguzkilorea igandean Álvarori “konpromisoa, elkartasuna, benetakotasuna, eta taldearen balioa defendatzeagatik, eta ametsen bilaketa nekaezinagatik”.
Al filo de lo imposible telebista saio ezagunaren sortzaile eta zuzendaria da Álvaro madrildarra, eta bere taldearekin lekurik eder, ezkutu eta esploratu gabeetako batzuk zeharkatu zituen proiektu hartan. Guztira, 200 espedizio eta 300 dokumental baino gehiago sortu ditu, baita 20tik gora liburu idatzi ere. Alpinista handienetako askoren bizitza markatu duten hamaika abentura eta espedizio posible egin ditu, betiere, alpinismoa bizi-eskola gisa ulertuta.
“Alpinismoaren balio sozialen defentsa eta transmisioan eginiko lana” aitortu diote abenduaren 3tik 12ra bitartean ospatzen ari den 14. BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdian, eta omenduak ere hitza hartzeko tartea izan du Euskalduna Jauregian egindako ekitaldian. Juanjo San Sebastian alpinistarekin solasaldia eskaini zuen Iñigo Aristegi artistak diseinatutako garaikurra jaso ostean.