Arantza Santesteban zinemagile nafarraren 918 gau film esperimentala 39. Torino Film Festivaleko TFFDOC-Internazionale sailean lehiatu da, eta sari nagusia jaso du: “Film zehatz eta geruza anitzeko batean aurkeztutako tentsio dialektikoak eta konplexutasuna” azpimarratu du epaimahaiak.
Ibilbide polita egiten ari da 918 gau filma. Izan ere, DOC Lisboa – Lisboako Dokumentalen Jaialdiko Grande Prémio Cidade de Lisboa saria irabaztetik dator. Portugalen hasitako bideak ez du etenik izan, Italian ere bere lana saritu berri baitute.
Azaroaren 26tik abenduaren 4ra bitartean ospatu duten 39. Torino Film Festivalean parte hartu du Santestebanen 918 gau lanak, eta garaikurrarekin itzuli da Euskal Herrira. TFFDOC-Internazionale sailean lehiatu da, eta Catherine Bizern, Kristina Konrad eta Michael Wahrmann epaimahaikideek zinemagile nafarraren filma izendatu dute denen artean onena, “film zehatz eta geruza anitzeko batean aurkeztutako tentsio dialektikoak eta konplexutasuna” azpimarratuz.
“Autoreak heroi politikoen erretratuaren tradizio artistiko zabalari ematen dio bizkarra. Bere burua sinbolo publiko gisa desmitifikatzen duen bitartean, askatasunaren aldeko borrokalari baten irudimenezko narratibari jaramonik egiten ez dion emakume baten autorretratu intimoa sortzen du. Bere ahots pertsonalak, isiltasunak eta hautatzen dituen oroitzapenek publikoaren itxaropenak alderatzen dituzte, narratiba pertsonal sendo eta originala osatuz, eta horrela, benetako jarrera politikoa hartuz”, azaldu du epaimahaiak sariaren berri ematerakoan.
Euskaraz filmatutakoa, kartzela barneko eguneroko bizitza ulertzeko funtsezkoak diren arazoak jorratu ditu Santestebanek 918 gau filmean, Txintxua Films eta Hiruko Filmakek ekoitzitako lanean. Donostia Zinemaldiaren Ikusmira Berriak egitasmoaren 4. edizioan eman zituen proiektuaren lehen urratsak 2018an, eta jaialdi bereko WIP Europa jardueraren parte izan zen 68. edizioan.