Kanaldude iparraldeko web-telebistak Josu Martinez zinemagileak zuzendutako Subandila (2020) filma emango du abenduaren 5ean (igandea), 21:00etan. Aurretik, ZINEZ saiora zuzendaria gonbidatuko dute.
Ama (2017) eta Anti (2019) film laburren ostean, hirugarrenez itzuli da Josu Martinez zuzendari eta ikertzaile bilbotarra Bizkarxoro fikziozko herrira. Baigorrin eta Arrosan errodatutako lana da Subandila, eta hainbat zinema jaialditan parte hartu ostean, Kanaldude iparraldeko web-telebistan emango dute. ZINEZ saioaren baitan programatu dute filma, eta hain zuzen ere, zinemagilea gonbidatuko dute solastera.
Gastibeltza Filmak taldearen ekoizpena da film laburra, eta Bizkarxoro fikziozko herriaren garapen soziologiko eta linguistikoa jorratu du bertan Martinezek. 1940an, tropa naziak Euskal herrira iritsi ziren garaian kokatu du, eta bi errefuxiatu nafarren bizipenak kontatuko ditu.
Manex Fuschek, Ander Lipusek eta Kristiane Etxaluzek antzeztu dute ekoizpenean, baina Baigorri inguruko bizilagunek ere parte hartu dute, Ama (2017) eta Anti (2019)film laburretan egin bezala.
Lanaren emanaldia abenduaren 5ean egingo dute, 21:00etan, Kanalduderen webgunean.