Tabakalerako 2deo laborategiak urteroko deialdi iraunkorra martxan jarri du. Euskarazko ikus-entzunezko proiektuak aurkezteko interesa duten 18 eta 35 urte bitarteko gazte sortzaileek abenduaren 1etik aurrera dute horretarako aukera.

2deo 2021 deialdi iraunkorra-zinea

Tabakalerako Euskarazko Ikus-entzunezkoen Laborategiak sustatutako 2deo 2021 deialdi iraunkorrak euskarazko eduki berritzaileak sortzen dituzten gazteen ikus-entzunezko proiektuak tutorizatzeko eta babesteko helburua dauka. Deialdia ikus-entzunezko arloan sortu eta esperimentatu nahi duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzenduta, eta banaka zein taldeka eman daiteke izena. Dena dela, parte hartzaile bakoitzak proiektu bana aurkez dezake soilik. Askotarikoak izan daitezke landutako gaiak, hartzaileen sektoreak eta erabilitako euskarriak.

Proiektu hautatuetako sortzaileek mentoretza espezifikoa izango dute: aholkularitza eta orientazioa, eta garapen-prozesuaren jarraipena. Parte hartzaile bakoitzak hiru mentoretza-saio jasoko ditu. Horrez gain, 2deo laborategiko coworking espazioa eta bertan dauden material eta tresnak erabiltzeko aukera izango dute (platoa, grabaketa-ekipoa eta postprodukzio gelak). Proiektu bakoitzaren beharrizanen arabera, gehienez, 1.500 euroko produkzio laguntza jaso ahalko da.

Hiru mentorek eta 2deo laborategiko ordezkari batek osatuko dute hautaketa batzordea. Baloratuko dituzten irizpideen artean, kalitatea eta sormena, proiektuaren bideragarritasuna (egungo gazteekin konektatzeko duen gaitasuna), eta euskarrien eta edukien berritasuna izango dira.

Abenduaren 1etik aurrera dago deialdia martxan, eta onartua izan eta hilabete beranduago jakinaraziko zaie parte hartzaileei. Ezagutu programaren oinarriak eta baldintzak, hemen.