Aita Mari

2015ean Greziako Lesbos uhartera Afrika iparraldeko herrialdeetako errefuxiatuak iristen hasi zirenean egin zuen auziak eztanda, eta hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundek (GKE) berehala hartu zuten gerratik ihesi Europa helburu duten gizon-emakume zein haurrak erreskatatzeko ardura. Tartean, Iñigo Mijangosi eta Iñigo Gutiérrezek, besteak beste, sortutako Itsas Salbamendu Humanitarioa taldeak. Hala, Javi Julio zinemagilearekin harremanetan jarri, eta bi urte luzez, auzolanean, herritarren laguntza eta konpromiso desinteresatua medio, martxan jarritako proiektua hasiera-hasieratik dokumentatzeko eskatu zioten. Itsasontziak 400 pertsona erreskatatu ditu misioa martxan jarri zutenetik.

Stella Maris Berria izandako hegaluze itsasontzia zaharberritu, boluntario-sarea osatu eta Aita Mari izenez batailatutako ontziak Getariatik Pasaiara, baina batez ere, Euskal Herritik Mediterraneo itsasora, nola bidaiatu zuen kontatuko du Aita Mari dokumentalak.  Donostiako 18. Giza Eskubideen Zinemaldian aurkeztu zen.

Boîte noire

Zer gertatu zen Dubai eta Paris lotu behar zituen hegazkinak Alpeetan istripua izan aurretik? Mathieu Vasseu BEA erakundeko teknikariari dagokio aurrekaririk ez duen hondamendia ikertzea. Pilotuaren akatsa izan al zen? Akats teknikoa, agian? Ekintza terrorista?

Ghostbusters: Afterlife

Ama ezkongabe bat eta haren bi seme-alabak hiri txiki batera iritsiko dira. Bertan, mamu ehiztariekin lotura dutela ohartuko dira, aitonak isilpean gordetako sekretua omen. Ghostbusters sagako film berria da Jason Reitman zinemagile estatubatuarrak zuzendu duena.

Clifford the Big Red Dog

Emily Elizabethek animalia magikoak erreskatatzen dituen zaindari batekin egingo du topo, eta honek txakurkume gorri bat oparituko dio. Lotara joan eta jaikitzean, baina, hiru metroko garaiera duen txakur erraldoi batean bilakatu dela konturatuko da.

Etxeko txikientzako film dibertigarria da, Gabon garairako ezin aproposagoa.

Love Gets a Room

1942ko urtarrila. Poloniako 40.000 judutarrek hiriko ghetto estu batean urtebete daramate konfinatuta, ahal duten bezala bizirauten. Preso talde batek antzerki obra komiko bat interpretatzea erabakiko du, baina atxilo daudenei barrera eragitea ez omen da beraien helburu bakarra izango…

Benetako gertakarietan oinarritutako filma da Rodrigo Cortes zinemagileak zuzendutakoa. Sevillako zinema jaialdian aurkeztu zen, eta hainbat izendapen lortu ditu Goya eta Feroz sarietarako.

La familia perfecta

Luciak uste du dena kontrolpean duela bizi dela, bizitza eredugarri bat daramala. Izan ere, ezkondu zenean ahalegin guztiak egin zituen familia ideala osatzeko. Baina bere semea Sara neska-lagunarekin geratzen hasiko da, eta honek Luciaren planak baldintzatuko ditu. Neska askea da Sara, lotsagabea, eta ideia politiko ezberdinak dituen familia batetik dator.

Beasts That Cling to the Straw

Hego Koreatik dator hurrengo proposamena. Joong Manek gaixo dagoen ama zaintzen eta sauna batean lanean igaroko ditu egunak. Halako batean baina, diruz betetako zaku bat aurkituko du aldageletan. Bestalde, Tae Youngnek arazoak izango ditu mafiarekin, neska-lagunak berak lapurtutako dirua hartu eta alde egin baitu. Mi Ran da hirugarren pertsonaia, etengabe bortxatuko duen senarrak eta tabernako zerbitzari-lanak itota, Jin Tae maitalearekin hasiko du harremana.

É stata la mano di Dio

1980ko hamarkada, Napolesen (Italia). 17 urteko Fabietto Schisa familia eta lagunartean ari da uda pasatzen, eta dagoen giroa gustuko badu ere, munduan bere tokia aurkitzen ez duela sentituko du. Futbola maite du, eta batez ere, Maradona, herriko futbol taldera iristear dagoen aurrelari argentinarra. Ezbehar tragiko batek bizitza aldatuko dio Fabiettori.

Paolo Sorrentino zinemagile italiarrak gidoilari eta zuzendari onenaren Oscar sariak irabazi zituen La grande bellezza (2013) lanagatik, eta orain Napoliko gazte baten larritasunaren eta askapenaren istorioa kontatuko digu. Bere gaztaroan oinarritutako istorioa. Veneziako Mostran aurkeztu zuen lana, eta 69. Donostia Zinemaldian ere erakutsi zuen, klase magistral bat ere eskainiz. Netflix plataformaren ekoizpena da, baina bertan estreinatu aurretik zenbait zinema aretotan ikusteko aukera egongo da.

The Matrix

Wachowski ahizpen film klasikoa, zientzia-fikziozko pelikularik ezagunenetarikoa, bueltan da zinema aretoetan. Istorioa ezaguna da dagoeneko: Thomas Anderson sotfware konpainia batean lan egiten duen programatzaile bikaina da. Baina bulegotik kanpo Nero izenez ere ezagutuko dute, hacker ezagun bat. Halako batean, bisita misteriotsu bat jasoko du eta…