Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela (2021) filma Close: Up Edinburgh Docufest eta Giza Eskubideen Nazioarteko ‘Miradas diversas’ zinemaldietan lehiatuko da abenduan. 1968-1976 aldian Zamorako apaiz kartzelan preso egon ziren abadeen bizipenen inguruan ardaztutako lana Hego Euskal Herriko eta Espainiako lurraldeko zinema aretoetan ere ikusgai dago.
Festival del Cinema dei Diritti Umani di Napoli zinemaldian lehiatzetik dator Ritxi Lizartza, David Pallarés eta Oier Aranzabalen Apaiz kartzela (2021), eta dagoeneko ari dira nazioartean filma zabaltzen. Urtea bukatu bitartean, Edinburgora eta Venezuelara egingo du apaiz antifrankisten memoriak bidaia.
Abenduaren 16an eta 17an egingo dute Close: Up Edinburgh Docufest jaialdia. 2020an bertan behera utzi ostean, aurten bi edizio bateratuko dituzte, eta Apaiz kartzela nazioarteko dokumentalen sailean arituko da beste lau filmekin batera. Guztira, 23 herrialdetako 43 lan erakutsiko dituzte, 12 kategoriatan.
Bestalde, abenduaren 2tik 12ra bitartean ospatuko dute Giza Eskubideen Nazioarteko ‘Miradas diversas’ zinema jaialdia, Caracasen eta Venezuelako hainbat hiritan. 19 herrialdetatik etorritako 23 film luzek partu hartuko dute 3. edizioan, eta Apaiz kartzela dokumentala film luze onena izateko lehiatuko da. ‘Miradas diversas’ jaialdia Human Rights Film Network sarearen parte da, eta hautatutako filmak zinema aretoetan erakusteaz gain, ikusgai egongo dira Gran Cine plataforman.
Abade antifrankistak
1968 eta 1976 artean 50 bat apaiz (gehien-gehienak Euskal Herrikoak) kartzelatu zituzten Francisco Franco diktadorearen errepresioaren aurkako jarrera erakusteagatik. Sermoietan diktaduraren zapalkuntza salatzeagatik hamabi urteko kartzela-zigorrak jaso dituzten abade horiek nekez ahaztuko dituzte nazioarteko komunikabideetako albistegiek 1973. urtean eman zituzten mutinaren irudiak. Izan ere, Zamorako (Espainia) konkordatu-kartzelari su eman zioten bertan preso zeudenek.
Bada, garai latz haietan bere gizartearen aldeko konpromisoari irmo heldu zioten abade haien bizipenak azaleratuko ditu Apaiz Kartzela dokumentalak. Belaunaldi berrientzat ezezaguna baita Zamorako apaiz-kartzelaren historia, eta, askotan esan diguten moduan, ezezaguna izateaz gain, kontatu gabe ere baitago. Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldian aurkeztu ondoren, azaroaren 26an egingo dute estreinaldi komertziala.
Apaizak AIEk zein Donostiako Maluta* Films ekoiztetxeak sustatutako lana da, Azaroa Films eta Zabriskieren ekoizpen elkartuarekin, eta, besteak beste, EITBren, Gogora Institutuaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Otxoa de Baraindika Fundazioaren eta Etxepare Institutuaren parte hartzearekin. Talde teknikoari dagokionez, Xabier Etxeberriak eta Martin Etxeberriak, Miguel Angel Elustondok eta Jon Mikel Aldanondok sinatu dute gidoia, eta Maialen Sarasuak burutu ditu edizio lanak. Halaber, Kote Camachok sortu ditu animazioak, eta Joserra Senperenarenak dira doinuak.