Kresala Zineklubeko kideek 2021 urteko azken film sorta pantailaratuko dute abenduan. Gainera, VIII. Kresala Saria banatuko dute Antzoki Zaharrean. Aurten Kany Peñalba eta Juanmi Gutierrez zineklubeko lagunak omenduko dituzte saio berezi batean, eta Robert Bresson zinemagile frantziarrari eskainitako zikloarekin jarraituko dute ere.
Ryusuke Hamaguchi japoniarrak zuzendutako Guzen to sozo (2021) harribitxiarekin ekingo dio abenduko programazioari hilaren 14an Kresala Zineklubak. Hiru mugimendu edo ataletan zatikatuta, emakumezkoak protagonista dituen istorio multzoa da, zoria abiapuntu duena: ustekabeko maitasun-triangelua, porrot egindako sedukzio-tranpa eta gaizki-ulertu baten ondoriozko topaketa.
Epaimahaiaren Sari Nagusia eskuratu du Berlinalean, eta 69. Donsotia Zinemaldiko Perlak sailean lehiatu da Ryûsuke Hamaguchi zinemagile japoniarraren film eder hau.
Bagera Elkartearekin elkarlanean antolatutako saioaren txanda izango da hilaren 16an. Lugaritz Kultur Etxean, 18:30ean, Jone Guenetxea eta Carlos Iglesiasek zuzendutako Jantzari (2021) dokumentala emango dute, Iurretako plaza mitikotik Euskal Herrian dantzaren munduan eman diren urratsak aztertzen dituena, genero ikuspegitik. Saioan Jone Guenetxea eta bi dantzari izango dira.
Hurrengo asteartean ez dute saiorik izango, bai ordea astelehenean, abenduaren 20an. VIII. Kresala Sariak banatuko dituzte Antzoki Zaharrean, eta Kany Peñalba eta Juanmi Gutierrez zineklubeko lagunak izango dira omenduak. Urteak daramatzate elkarrekin filmak egiten, pelikula txikiak, pertsonalak, baina errekonozituak izateko garaia iritsi zaie. 19:30ean izango da ekitaldia, eta sarrera doakoa izango da. Gerturatzeko baina, gonbidapena hartu beharko da leihatilan gaurtik aurrera.
Omenaldiaren ostean, Gutierrezek eta Peñalbak zuzendu eta ekoiztutako Tabula Rasa lana pantailaratuko dute.
Egitarauari, eta urteari, bukaera ezin hobea emateko, Robert Bresson zinemagileari eskainitako zikloa berrartuko dute abenduaren 28an: Journal d’un curé de campagne (1951). Georges Bernanos idazlearen izen bereko eleberria egokitu zuen Bressonek, Frantzia iparraldeko herrixka batera iritsiko den apaiz gazte baten istorioa kontatuz.
Sarrerak eskuragai daude Kresala Zineklubaren atarian, baita informazio osagarria ere.