Donostia Zinemaldiaren historiako lehen hiru hamarkadetan emakumeak irudikatzeko eta ezkutatzeko erabilitako mekanismoak aztertuko dituzte abenduaren 4an, Tabakalerako zinema aretoan. Izan ere, Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerketa-proiektuko hirugarren programa publikoa aurkeztuko dute: Kontatzeko beste modu bat: emakumeen presentziak, absentziak eta irudikapenak Donostia Zinemaldian (1953-1978).

Zinemaldia 70 (III)-zinea

Zinemaldia 70 ikerketa-proiektua Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia, Tabakalera, Euskadiko Filmategiaren eta Kutxa Fundazioaren arteko lankidetza proiektua da, eta ikerketaren lehen fasea 2022an, 70. edizioan, amaituko da. Trantsizioaren lehen urteetan izan zuen bilakaera aztertu eta zentsurarekin izan zuen harreman konplexuari heldu zioten aurrena, eta abenduaren 4an, hirugarren programa publikoa aurkeztuko dute.

Ekhiñe Etxeberria Garjón, Laida Mendia Vicente, Amaranta Díaz, Pablo Lillo eta Oderay Ponce de León ikasleek osatu dute 2020-2021 ikasturteko ikerketa-taldea, Pablo La Parra Pérezen zuzendaritzapean, eta Donostia Zinemaldiaren historia bisuala jorratu dute, jaialdiaren beraren artxiboan eta Kuxtateka bilduman gordetako argazkietatik abiatuta. Bildutako materiala aztertuz, jaialdi donostiarreko lehenengo hiru hamarkadetan emakumeak irudikatzeko eta ezkutatzeko erabilitako mekanismoak ikertu dituzte.

Iruditeria zabaldu eta begirada kritiko berrietara ireki nahi izan dute ikertzaileek emakumeen presentzia, “komunikabideen liluratik eta izarren kosifikaziotik haratago eta Zinemaldian parte hartu zuten beste emakume batzuen (foku mediatikotik urrun zeudenak, esaterako, Sail Ofizialen lehiatu ziren lehen emakumezko zuzendariak) aztarna artxibotik berreskuratzeko”.

EQZEk eta jaialdi donostiarrak, Estatuko Loteriak eta Apustuak erakundearen babesletzarekin, hainbat jardura prestatu dituzte, Tabakaleran. Egitaraua 16:00etan abiatuko du Pablo La Parra Pérez EQZEko Ikerketa Saileko koordinatzaile, Zinemaldiko Pentsamendua eta Eztabaida Saileko arduradun eta Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile nagusiak. Ostean, Ekhiñe Etxeberria eta Laida Mendiak Emakumezko zuzendariak Donostian: azterketa-kasuak (1953-1975) hitzaldia emango dute, eta Yuliya Solntseva, Judit Elek, Yannick Bellon eta Margarethe Von Trotta zinemagileak gogoratuko dituzte, besteak beste.

Etenaldi labur baten ondoren, aldiz, EHUko ikerlaria den Ainztane Rincónek hartuko du hitza Espainiak munduari eskaintzen dion irribarrea: Zinemaldia baikortasun desarrollistaren metafora gisa (1953-1969) hitzaldian, eta Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea den Endika Rey Espainiako zinema berria mugimenduan emakumezkoen ordezkaritza-ereduak aztertuko ditu.

Donostia Zinemaldian izan den ekitaldi feministarik garrantzitsuenatzat hartzen dena gogoratuko dute jardunaldiari bukaera emateko. Donostiako Emakumeen Asanbladak 1978ko Zinemaldian antolatutako eta emakumeek egindako zinema-zikloaren omenez, Márta Mészáros Hungariako zinemagilearen Kilenc Hónap (1976) filma proiektatuko dute.